Eguzkik arrantza legearen baitan dauden babes neurriak ez murrizteko eskatu du
Eusko Jaurlaritzak kosta ertzeko itsas uretan baimendutako sare eta aparailu kopurua dekretu bidez handitu nahi izatea salatu du Eguzkik. Honen aurrean, alegazioak sartu ditu talde ekologistak.
Eguzkik alegazioak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak kosta ertzeko uretan arrantza sare eta aparailuen erabilera zabaltzeko egindako proiektuaren aurka. Izan ere, talde ekologistaren arabera, sare eta aparailu gehiago erabiltzeak behar baino gehiago arrantzatzea ekar dezake, Itsas Arrantzari buruzko Legea urratuz: “Legearen helburua arrantza baliabideak babestea da”.
1998an Itsas Arrantzari buruzko legea onartu zenetik, flota %50 murriztu dela argudiatu du Eusko Jaurlaritzak, eta Eguzkik desadostasuna azaldu du: “Hortaz, teknikoki onargarria dela iruditzen zaio sare eta aparailu kopurua handitzea behar baino gehiago arrantzatu gabe, betiere sektorearen jasangarritasun ekonomikoaren mesedetan. Hala ere, flota murriztu izanak ez du esan nahi automatikoki arrantza bera murriztu denik. Eta, batez ere, ez dago arrain populazioak sare eta aparailu ugaltze hori jasateko moduan daudela egiaztatzen duen azterketa zientifiko edo tekniko eguneraturik. Horren zantzurik ez dago, behintzat, Eusko Jaurlaritzaren dekretu proiektuan”.
Eguzkiren hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren proposamenak gaur egun baimendutako aparailu kopurua bikoiztu dezake, eta, era berean, egun “orokorrean” debekatuta dauden inguraketa sareak ere baimendu nahi ditu: “Gaur egun inguraketa sareak orokorrean debekatuta daude kosta ertzeko uretan. Debeku hori ezin da bertan behera utzi soilik flotaren murrizketa historikoa edo jarduera ekonomikoaren beharrak aipatuz. Bermatu behar da modu zehatz eta egiaztagarrian sare horiek eremu, espezie eta garai jai batzuetan erabiltzea bateragarria dela legeak babesten duen arrantza baliabideen kontserbazioarekin. Eta Eusko Jaurlaritzaren dekretu proiektuak ez du bermatzen”. Proiektuak arrantza ez dela handituko dioen arren, Eguzkik kontrako iritzia dauka: “Aurreikusten da era askotako baimenak eman daitezkeela adminsitrazio isiltasunaren bidez. Hainbat kontserbazio neurri, berriz, oraindik hartu ez diren erabakien mende geratzen dira, hau da, atzeratzen dira erabaki horiek hartu arte”.