Sanmigelak gozatzeko prest daude Arretxinagan
Arretxinagako San Migel jaiak ospatuko dituzte bihar, etzi, domekan, eta martitzenean. Burutik, Perlata, Ameba eta DJ Alloxelets igoko dira oholtzara bihar [irailak 25].
Irailari agur esatera datoz beste behin Markina-Xemeingo Arretxinagako sanmigelak. Horretarako, egitarau “biribila” prestatu dute Arrexe kultura batzordeko kideek, ume, gazte zein nagusi, guztiek gozatzeko modukoa: “Publiko osoarentzako jaiak antolatzen saiatzen gara, guztien gozamenerako”. Bihar, etzi, domekan eta martitzenean ospatuko dituzte jaiak.
Jaietako lehenengo egunean musika izango da protagonista oholtza gainean. Izan ere, 23:00etan hasiko dira kontzertuak, bata bestearen atzetik: Burutik, Ameba, Perlata eta DJ Alloxelets.
Bihar [zapatua] beteranoen arteko futbol partidarekin emango diote hasiera egunari, eta arratsaldean, herriko Abarka antzerki taldeak SI VIS PACEM, PARA BELLUN antzezlana eskainiko du Arretxinagako zubian. Ondoren, Argitu erromeriak alaituko du auzoa, bertaratzen diren guztiak dantzan jarriz.
Etzi [domeka] XVI. Tortilla txapelketa egongo da, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, etxetik eginda eraman beharko dira tortillak, 11:30erako. Baldintzei dagokienez, 6-8 arrautza eta patata izan beharko ditu, tipula bota edo ez parte hartzaileen esku geldituko da. Partaide guztientzako sariak egongo diren arren, irabazleak Hemen be bai elkarteko komertzioetan gastatzeko bonua eskuratuko du. Bitartean, Jare musika taldeak kontzertu akustikoa eskainiko du. Arratsaldean, giza proba erakustaldia egongo da, eta Peña Bizi taldeak eta Gosolo H.K.T taldeak ariko dira bertan, talde bakoitzak 20 minutuko erakustaldia eskainiz. “Arretxinagako jaietan ohitura handia dago herri kirolen erakustaldia egiteko. Probalekua daukagu bertan, eta aurten, gainera, birgaitze lanak egin ditugu. Iaz ere egin ziren giza probak eta lehenengo eta bigarren postuan gelditu zirenen artean oso metro gutxi egon ziren lehengo postua lortzeko, beraz, aurten, errebantxa bezala planteatu dute”. Horrez gain, proba bitartean Unai Goitiak ere erakustaldia eskainiko du.
Iluntzean, Trajea antzezlana eskainiko du Txalo produkzioak taldeak. Antolatzaileek azaldu dutenez, urtero, arrakasta handia izaten du domeka gaueko antzezlanak: “Txalo produkzioko kideak urte askotan egon dira gurean, iaz eta duela bi urte kenduta. Oso konpainia potentea da, goi mailako aktoreekin. Aurten ere, euren aldeko apustua egin dugu. Jende asko batzen da domeka iluntzean, karpa bete egiten da”.
San Migel egunagaz [irailak 29] emango diote amaiera jaiei, eta nagusientzako ez ezik, umeentzako ere egitarau oparoa egongo da. Izan ere, arratsaldean, antzezlana, erromeria, buruhandiak eta txokolatada egongo da txikienentzat. Bestalde, Zerutxu dantza taldeak urteroko emanaldia eskainiko du, goizean zein gauean, eta eguerdian, Pancho Balbuena mariatxia egongo da. “Eguerdietan musika taldeak ekartzen ahalegintzen gara. Duela hiru urte edo etorri zen Pancho Balbuena, eta sekulako arrakasta izan zuen. Beraz, aurten ere bera egongo da”.
Markina-xemeindarrek giro ederra espero dute sanmigel jaietan, eta jendeari bertaratzeko deia egin diote: “Eguraldi ona dago iragarrita, eta karpa handia ere edukiko dugu bertan. Beti egoten da jendea, eta uste dugu aurten ere horrela izango dela”.
EGITARAUA
Gaur, barikua
- 23:00. Kontzertuak: Burutik, Ameba, Perlata eta DJ Alloxelets.
Bihar, zapatua
- 12:30. Beteranoen futbol partida: Artibai F.T.-Frodsham Veterans A.F.C. Barroetako futbol zelaian.
- 18:00. SI VIS PACEM, PARA BELLUM antzezlana, Abarka dantza taldearen eskutik. Euria eginez gero, bertan behera
- 20:00. Dantzaldia Argitu erromeria taldeagaz.
Etzi, domeka
- 11:30. XVI. Tortila txapelketa.
- 13:00. Jaire musika taldea akustikoan.
- 17:30. Giza proba erakustaldia, Arretxinagako probalekuan. Tartean, Unai Goitiaren erakustaldia.
- 20:00. Trajea antzezlana, Txalo produkzioak taldearen eskutik.
Martitzena, irailak 29
- 11:00. Meza nagusia.
- Jarraian, Zerutxu dantza taldeak Xemeingo ezpata dantza eta aurreskua dantzatuko ditu.
- Ondoren, Pancho Balbuena mariatxiak.
- 17:00. Kalean otso, etxean uso antzezlana umeentzat, Musika eskolako goiko lokalean.
- 18:15. Gora bihotzak ume eta gaztetxoentzat erromeria.
- Ostean, Buruhandiak eta txokolatada umeentzat.
- 21:00. Zerutxu dantza taldeak mahai gainekoa dantzatuko du.