Tiraldi bakoitzaren ilusioa
Hegoafrikako Mossel Bay hirian lehiatutako Munduko Sokatira Txapelketan egon dira Mutriku Sokatira Taldeko kideak, eta "pozik" gelditu dira egindako lanarekin. Orain, atsedena hartu eta hurrengo denboraldian jarriko dute begirada.
Mutriku Sokatira Taldekoak Munduko Sokatira Txapelketan.Mutriku Sokatira Taldea. Tira alde batetik eta tira bestetik. Sokaren aldeetan banatuta, bakoitza bere teknika eta indarrarekin. Horrela ibili dira Mutriku Sokatira Taldeko kideak Hegoafrikako Mossel Bay hirian, bertan jokatu baitute Munduko Sokatira Txapelketa. Esperientzia “ederra” izan dela aipatu dute Mertxe Mendibe eta Ugaitz Orbegozok; izan ere, kirolaz harago lehiatu, beste herrialdeetako taldeak ezagutu, harremanak sortu eta, batez ere, talde bezala indartzeko balio izan die bidaiak. Orain, etxera itzultzea tokatzen da, atsedena hartu, eta datorren denboraldia ilusioz prestatzen hasteko.
Mutrikutik Hegoafrikara iristea ez zen lan makala izan. “Irailaren 13an atera ginen herritik, eta Hegoafrikaraino heldu arte 30 ordu inguru pasatu ziren. Odisea bat izan zen”, azaldu du Mendibek. Guztira, egun eta erdiko bidaia egin behar izan zuen talde mutrikuarrak.

Heldu eta berehala hasi zen lehiaketako prestaketa. Irailaren 15ean pisaketak egin zituzten, talde bakoitzak bere kategoriako pisua betetzen zuela egiaztatzeko. “Apur bat korrika egin genuen sartzeko, baina sartu ginen”, kontatu du Mendibek umoretsu.
Hurrengo egunean, irailaren 16an, hasi ziren tiraketak. Goizean, gizonezkoen 600 kategorian aritu ziren. Mutrikutik hiru mutil joan zirenez, beste talde batzuekin osatu behar izan zuten taldea, eta Goiherri taldearekin aritzeko aukera izan zuten. “Esperientzia horrek, gainera, harreman berriak sortzeko balio izan zuen”, azaldu du Orbegozok. Munduko txapelketarako WhatsApp taldea sortu zuten, talde bakoitzeko ordezkariekin, eta behar zuten kategorien arabera, klub ezberdinetako kideekin osatu zituzten tiraldietako zenbait talde. Hala, euskaldunen arteko elkarlana ez ezik, beste herrialdeetako kirolariekin aritzeko aukera ere izan zuten batzuek: “Lehenengo, euskaldunen artean taldeak osatzen saiatzen gara. Baina Goiherriko batzuek Ingalaterrakoekin ere tiratu zuten”. Horrela, kirol lehiaz gain, sareak eta harremanak ere sortu dituzte.
Arratsaldean, emakumeen 500 kiloko txanda iritsi zen. Mutrikuko taldea beste bost talderekin aritu zen bere multzoan, eta garaipen bat lortu zuten. Hala ere, Mendiberen hitzetan, taldea 540 kiloko kategorian aritzen da hobekien: “Tiraldi bakarra irabazi bagenuen ere, oso pozik hartu genuen. Beroketa modukoa izan zen, denboraldian ere ikusi baitugu gure kategoria gehiago dela 540 kilokoa”. Hala, hurrengo egunean iritsi ziren emaitza esanguratsuenak. Mistoan, lau gizon eta lau emakumerekin osatu zuten taldea, eta hamar tiraketa egin zituzten: “Bi garaipen lortu genituen, eta hainbat herrialdetako taldeekin lehiatzeko aukera izan genuen. Bakoitzaren teknikak zelako ezberdinak diren ikusi genuen, eta polita izan zen”. Arratsaldean, berriz, emakumeen 540 kiloko kategorian lehiatu ziren, bi multzotan banatuta. Bost tiraketatik hiru irabazita, hirugarren postuan amaitu zuten, finalerdietako atarian geratuz. “Oso pozik amaitu genuen, oso motibatuta”, dio Mendibek. Izan ere, lehenengo garaipenak hurrengo tiraketetarako indarra eman zien.
“Espektatibarik gabe etorri ginen, helburua gozatzea baitzen. Ez genuen espero horrelako ondo joango zenik”, azpimarratu du Orbegozok. Maila altua zegoela ikusita, «oso pozik» gelditu dira egindako lanarekin.
Sokatik harago. Munduko txapelketan bizitako esperientzia ez da emaitzetara mugatu. Orbegozoren hitzetan, tiraketa hasi aurreko uneetan “urduritasuna” nagusitzen da, baina behin sokari helduta, gozatzen hasten dira taldekideak. Mendibek, gainera, lehen aldiz parte hartu du munduko txapelketan, eta sokatirako denboraldia ere lehenengoa izan du: “Emozio ezberdin asko sentitu ditut, ez dakizulako zer espero”. Orbegozorena, ordea, bigarrena izan da, eta esperientzia apur batekin joan da txapelketara.
Antolakuntzak ere “harritu” ditu bi tiratzaileak: “Kanpaleku handi bat modukoa da dena: lo egiteko tokia, janaria, tiratzeko eremua eta gainerako azpiegiturak; munduko herrialde asko elkarren ondoan, bakoitzak sokatira egiteko duen moduarekin”.
“Talde lokalak ere asko daude, zazpi inguru edo. Tiratzeko modua oso ezberdina da teknika aldetik”, azaldu du Mendibek. Orbegozok ere kidearen hitzak baieztatu ditu: “Talde bakoitzak bere modua dauka”.
Gainera, Mutrikutik Hegoafrikara joatean, “harrotasuna” sentitu dute biek. Euskal Selekzioak ere parte hartu du, eta Mutrikuko taldekideek beren herria ordezkatzeko aukera izan dute, munduaren beste puntan: “Mutrikutik Hegoafrikara joatea, Mutrikugatik eta Euskal Herriarengatik lehiatzea eta izena zabaltzea, ohorea izan da”, zehaztu du Orbegozok. Ikurrina beste herrialdeetako banderekin batera ikustea “pauso handia” dela nabarmendu dute. Izan ere, horrelako txapelketa batean parte hartzea Mutriku eta Euskal Herria mundura zabaltzeko modua dela azpimarratu dute.
Datorrena, “esku zabalik”. Oraingoz, soka albo batera utzi, eta atseden hartzeko garaia heldu zaie. Hala ere, Mutrikuko taldekide gehienek bihar egingo dute buelta Euskal Herrira: “Behin Hegoafrikara joanda, herrialdea ezagutzeko aukera aprobetxatu dugu, eta beste astebete gelditu gara hemen”. Bidaia horrek badauka beste helburu bat ere: “Talde kohesioa indartzea eta datorren denboraldirako motibazioa sustatzea”. Orbegozok harremanetan jarri du begirada: “Jendearekin egon, ezagutu eta harremanak estutzeko aukera ona da”.

Taldeko giroa “oso ona” dela aipatu dute biek; hala ere, taldea handitzeko nolabaiteko beharra ere sentitzen dute: “Mutriku Sokatira Taldeak ateak zabalik ditu jende berriarentzat. Iaz bezala, aurten ere ate irekiak egingo ditugu sokatira probatu eta taldea ezagutu nahi dutenentzat. Jendea animatu nahi dugu probatzera eta euskal kirola bultzatzera. Izan ere, sokatira ez ezik beste herri kirol batzuk ere egiten ditugu, eta taldean sartzeko interesa duen edonor esku zabalik hartuko dugu”.
Denboraldiari begira. Bi hilabete inguruko atsedenaldiaren ostean, azaro amaieran hasiko dute denboraldiaurrea. Orain, Hegoafrikako tiraldiak gogoan, etenaldia egingo dute, datorren denboraldia indarrez hartzeko. Munduko beste muturrean bizitakoak, lortutako emaitzek eta batez ere, taldeak berak emandako indarrak prest utzi ditu datozen tiraldietarako.