Asteburuan bizitakoa gordeta, San Migel Eguna ospatzeko prest
Markina-Xemeingo Arretxinagako eta Amorotoko San Migel jaiak ospatu dituzte asteburuan. Zerutxu dantza taldeak, Pantxo Balbuenaren emanaldiak eta umeentzako eskaintzak beteko dute Arrextinaga, bihar [irailak 29].
Arretxinagako anfiteatroa goraino bete zuen 'Si Vis Pacem Para Bellum' antzezlanak.Abarka Antzerki Taldea Musikak, dantzek eta herri kirol erakustaldiek goitik behera busti dituzte Arretxinagako San Migel jaiak. Markina-xemeindarrak urteko jairik berezienetan murgilduta daude egunotan, eta horren erakusle izan da joan den asteburuan sortu zen giroa. Barikuan hasi eta zapatuan eta domekan izan zuten herritarrek zer ospatu. Gaurkoa [irailak 28] atseden hartzeko denbora izango badute ere, egun osoko egitaraua dute bihar markina-xemeindarrek [irailak 29].
Uda amaiera alaitzeko prestatu duten egitaraua gauez hasi zuen joan den barikuan [irailak 25]. Musikaz bere forma guztietan gozatzeko aukera izan zuten herritarrek, izan ere, Euskal Herriko tradizioa rock alternatiboagaz nahastu zuen Burutik talde nafarrak; Ameba taldeak rock-a eta psikodeliaren arteko loturen erakustaldia egin zuen; eta Perlata kuir-punk estiloa lau haizetara zabaltzera igo zen oholtzara. Antolakuntzak adierazi duenez, “jende asko” batu zuten kontzertuek, eta gauagaz gozatzen ari zirenaren erakusle izan zen jendea “oso berandura arte” geratu izana. Kontzertuen atzetik musika eskaini zuten DJ Alloxeletsen emanaldia ere “oso arrakastatsua” izan dela adierazi dute.
Arretxinaga musikaz bete ostean, zapatuak [irailak 26] artearen beste esparru batzuei egin zien tartea. Abarka antzerki taldeak Si vis pacem, para bellum antzezlana eskaini zuen Arretxinagako zubipean. Anfiteatroak gainezka egin behar zuen antzezpena hasi zenerako, izan ere, interes handia piztu du herrian mojen matxinada bati buruzko istorio paregabe honek. Hala, Abarka antzerki taldeak “arantzatxoa” kendu ahal izan du, euri azpian egin zuten azken emanaldia eta gero.
Barroeta futbol zelaia beteranoen futbol partidan lekuko izan zen, eta bertan, Artibai futbol taldeak 6 eta 0 irabazi zuen neurketa Frodsham Veterans A.F.C. taldearen aurka. Aurreko urteetako ordutegian aldaketa txiki bat egin eta ohi baino lehenago hasi zen Argitu erromeria. “Iluntzeko formatuaren alde” egin dute aurten, eta “giro itzela” sortzea lortu zuen taldeak.

Erromeriak alaitu zituen zapatuan bertaratu ziren herritarrak.Markina-Xemeingo Udala
Atzo [irailak 27] egin zuten XVI. Tortilla txapelketa, eta Ana Mari Zabalak sukaldaritza lanetan onena zela erakutsi zuen. Ostean, Jaire musika taldeak girotu zituen txoko guztiak, giza proben erakustaldia hasi baino lehen. Markina-Xemeingo Peña Bizi taldeak irabazi zuen proba, 48 untz eta laurden, 4 metro eta 70 zentimetro eginda. Elorrioko Gosolo izan zuten aurkari, eta iazko marka hobetu bazuten ere, ez zen nahikoa izan etxekoak garaitzeko (46 untz eta hiru laurden, 5 metro tea 70 zentimetro). Unai Goitia izan zen, ostean, 75 kiloko berunagaz erakustaldia eman zuena. Trajea antzezlana ikusteko asmoagaz “jende mordoa” bertaratu zen, antolakuntzak jarri zituen aulki guztiak betez: “Antolatzea lan handia izaten denez, asko eskertzen dugu herritarrek aulkiak batzen egiten duten lana”.

Peña Bizi taldea, giza probetan.Markina-Xemeingo Udala
Asteburuan bizitakoa barru-barruan gordeta, gaurkoa [irailak 28] atsedenerako eguna dute markina-xemeindarrek. Bihar jarraituko dute egitarauagaz, San Migel Egunean. Meza nagusia amaitu ostean Zerutxu dantza taldeak Xemeingo ezpata dantza eta aurreskua dantzatuko ditu. Pancho Balbuena mariatxiek musikagaz girotuko dute Arretxinaga, eta arratsaldean, herriko umeak izango dira jaiaren protagonista. Kalean otso, etxean uso antzezlana egingo dute umeentzat, Musika eskolako goiko lokalean; Gora Bihotzak ume eta gaztetxoentzat erromeria egongo da, eta amaitzeko, buruhandiak eta txokolatada izango dute.
Gaua heltzeagaz batera, Zerutxu dantza taldeak mahai gainekoa dantzatuko du, Arretxinagako San Migel jaiak datorren urtera arte agurtzeko.
Amoroton ere izan dute herritarrek elkarregaz batzeko aitzakia. Barikuan Goiz Eder Iturain entzuteko Kultur Etxean batu ziren herritarrak. Idazlearen esanen bitartez, Etxe dotore aunitz liburua sakonago ezagutzeko eta elkarregaz egoteko aukera izan zuten herritarrek. Guretik Sortuak ekimenaren baitan sortutako lanen eskaintzagaz jarraitu zuten zapatuan; euskal identitatea erdigunean jarri eta izate horri buruzko hausnarketa egiteko tartea ere izan zuten Frankopoleon antzezlanagaz.
San Migel ermita izan zuten topagune atzo [irailak 28]. Meza nagusian batu ziren herritarrak, eta horren ostean mokadutxoa izan zen bertan geratzeko aitzakia.

San Migel ermitan batu ziren amorotarrak.Amorotoko Udala
EGITARAUA
Martitzena, irailak 29
- 11:00. Meza nagusia.
- Jarraian, Zerutxu dantza taldeak Xemeingo ezpata dantza eta aurreskua dantzatuko ditu.
- Ondoren, Pancho Balbuena mariatxiak.
- 17:00. Kalean otso, etxean uso antzezlana umeentzat, Musika eskolako goiko lokalean.
- 18:15. Gora bihotzak ume eta gaztetxoentzat erromeria.
- Ostean, Buruhandiak eta txokolatada umeentzat.
- 21:00. Zerutxu dantza taldeak mahai gainekoa dantzatuko du.