Lara Larrañagak irabazi du herriaren zazpigarren mendeurrena ordezkatuko duen logoa
Lara Larrañagaren '700 urte geure Ondarruk' logoa izango da Ondarroaren 700. urteurrena iragarriko duena.
Urtza Alkorta eta Lara Larrañaga. Ondarroako Udala. 700 urte beteko ditu 2027an Ondarroak, eta honen harira, Ondarroako Udalak zazpigarren mendeurrena ospatzeko eta iragartzeko logo lehiaketa jarri zuen martxan. Hala, 40 proposamen jaso ostean, Lara Larrañaga Salegi herritarraren lana aukeratu du epaimahaiak: 700 urte geure Ondarruk.
Irabazleak azaldu duenez, hiru elementu uztartu ditu logoa osatzeko orduan: Zubi Zaharra, 700 zenbakia eta branka. Zubi Zaharraren arkuen formagaz eta ontzi baten brankagaz 700 zenbakia osatu du irabazleak, Ondarroaren historia, nortasuna eta itsasoarekiko lotura irudi baten bilduz: “Ondarroaren 700 urteak irudikatzeko, herriko ikur ezagunenetako bat hartu dut abiapuntutzat: Zubi Zaharra. Mendeetan eraldatu, kaltetu, suntsitu eta berreraiki izan da. Hala ere, herriaren nortasunaren parte izaten jarriatzen du. Zubi Zaharra Ondarroaren 700 urteen metafora da: irauteak ez du bere horretan mantentzea nahi, aldaketetara egokitzeko eta aurrera jarraitzeko gai izatea baizik. 700 urte ondoren, gure herriak aldatzen jarraitzen du. Eta batuta jarraitzen dugu”.
Ondarroako Udalak aipatu duenez, epaimahaiak ez du lan erraza eduki: “Askotariko lanak aurkeztu ziren lehiaketara eta erabakia hartzea ez zen erraza izan. Bozketa bidez egin zen aukeraketa, beti ere lanen egileen anonimotasuna gordeta, hau da, epaimahaikideek ez dute jakin lan bakoitza norena den”.