Herri kirolak protagonista, San Jeronimo egunean
Gaur [irailak 30] eman diote amaiera San Jeronimo jaiei. Antolatzailek balorazio "oso ona" egin dute.
San Jeronimo egunarekin agurtu dituzte jaiak Mutrikuko San Jeronimoko auzotarrek. Antolatzaileek azpimarratu dutenez “oso ondo” joan dira jaiak, eta egun guztietan “giro ederra” egon da auzoan: “Pentsatutako guztia atera da, eta gainera, ondo”.Ā
Gaurkoan [irailak 30] mezarekin eman diote hasiera egunari, plazan, eta ondoren, herri kirolen txanda izan da. Meza amaitu eta segituan hasi dira antolatzaileak eta herri kirolariak plaza prestatzen, eta behin dena prest izan dutenean, erakustaldiari ekin diote. Mikel Agirre eta Ernesto Ezpeleta BihurriĀ aritu dira norgehiagokan, eta auzoko gazteek ere lagundu diete bi herri kirolariei. Plaza auzotarrez eta inguruko herritarrez bete da. Lehenengo, bien artean moztu dute egurra, aizkorak ondo zorrotuta. Gainera, biek 34 kolpe eman dizkiote enborrari. Ondoren, Agirrek zutikako enborra mozteari ekin dio, eta Bihurrik esku bakarrarekin moztu du horizontala. Hurrengo proban, gaztetxoek ere hartu dute parte: giza probak, lokotxak eta txingak egin dituzte. Jaiei amaiera emateko auzotarrak batu dira bazkaritan, eta ondoren, errifen zozketa egin dute, urtero lez.Ā
Aurreko egunak. Zapatuan [irailak 26] hasi zituzten jaiak San Jeronimo auzoan, aurtengo berrikuntzarekin: auzoen arteko desafioa. Olatz eta Ibiri auzoek talde bat osatu zuten, eta Galdonamendi eta San Jeronimok beste bat. Lehia estua izan bazen ere, San Jeronimo eta Galdonamendi auzoak gailendu ziren, segundo batzuengatik: “Oso ondo atera zen erroka, jende asko egon zen eta pila bat gozatu genuen. Gainera, oso polita izan zen. Hasieran irabazten olaztarrak hasi baziren ere, aurre hartu genien azkenean. Hala ere, ez da garrantzitsua nork irabazi zuen, nola pasatu genuen baino. Giro bikaina egon zen eta oso pozik gaude. Bukaera, jan-edana egon zen guztiontzako eta bakoitzak domina bat eskuratu zuen. Denok izan ginen erronkako irabazleak“.
Ondoren, azken urteetan egon ez diren pottokak eta zezen txikiak egon ziren plazan, Ibiriren eskutik. “Ume, gazte zein heldu, jende asko etorri zen auzora”. Ondoren, 20:30ean, Laket erromeria igo zen oholtzara: “Dantza asko egin genuen erromeriarekin”.Ā
Domekan [irailak 27] berriro elkartu ziren auzotarrak. 11:00ak aldera heldu ziren egurrezko jolasak, eta 12:00etarako beteta zegoen plaza, “jendea gutxinaka hasi zen etortzen”. Umeek ere asko gozatu zuten egurrezko jolasez zein txirrista erraldoiaz: “Gora eta behera ibili ziren txirristan. Beti izaten du arrakasta handia”. 15:00etan auzo bazkarian elkartu ziren, Balentin Zumalabek prestatutako janaria dastatzeko prest: “Oso ederra zegoen guztia”.Ā
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, oso giro ederra egon da hiru egunetan San Jeronimon: “Eguraldiak ere lagundu du, eta asko gozatu dugu. Giro ederra egon da eta jendea ibili da auzoan. Pozik gaude“.Ā