Kalean da Etxelilako ikasturteko programazioa
Ondarroa feministagoa egiteko helburuagaz, Etxelilako ikasturte berriko programazioa aurkeztu dute udalak, eta Udal Berdintasun Kontseiluko eragileek. Ikastaroetan izena emateko epea urriaren 7an zabalduko da.
Etxelilako egitaraua aurkeztu dute. Ondarroako Udala. Ondarroako Udalak eta Udal Berdintasun Kontseiluko eragileek Etxelilako ikasturteko programazioa aurkeztu dute, “eduki feministaz betea, Ondarroa oraindik ere herri feministagoa izateko”. Hala, ohi legez, sei oinarri finkatu dituzte: zerbitzuak (aholkularitza juridikoa eta sexuen aholkularitza gunea), solasaldi irekiak, Jabekuntza Eskola, erakusketak, liburutegi feminista eta Etxelilako taldeak. “Etxelila erreferentea da, bai herrian eta baita Euskal Herrian ere, eta horren aldeko apustua indartzen jarraitu nahi dugu udaletik”, azaldu du Naiara Burgoa Lizarraga berdintasun zinegotziak. Aurreratu dute, jardueretan izena emateko epea urriaren 7an zabalduko dela, eta Etxelilako ordutegian eman beharko da izena.
Adin ezberdinetako emakume eta LGTBIQ+ pertsonei zuzendutako jarduerak antolatu dituzte aurten, Etxelila “denontzako tokia” delako: “Herriko emakume zein LGTBQ+ pertsona guztiak ahalduntzeko zerbitzua eskaintzea da helburua”. Bide horretatik, hiru ikastaro egongo dira emakume eta LGTBIQ+ pertsonentzat: Batxata salsa kuir, DJ ikastaroa eta bertsolaritza feminista. Hauez gain, beste hainbeste ikastaro ere egongo dira: Hitz egin dezagun menopausiaz, Feminismo antiarrazista eta dekoloniala, Gorputzen abentura, Gorputzaren bidaia: hilekoa ezagutzen, Amatasuna eta feminismoa, Zoru pelbikoa lantzen, Aztertzeko esku hartu: iruditeria migrante eta genero iruditeri berriak, ipuin antzerkia irratian, artea eta feminismoa: mugak, aukerak eta erronkak eta elektrizitate ikastaroa. “Gutxinaka aurrerapausoak ematen goaz, eta Etxelilatik zein udaletik argi daukagu emakume zein LGTBIQ+ pertsonei espazioak eskaintzeko apustua egiten jarraituko dugula”. Aipatutako ikastaroez gain, gizonei zuzendutako saioa ere egongo da Iñi Etxezarreta Tocaren eskutik: Gizonek zer? Indarkerietatik aukera feministetara. Urriaren 29an izango da, 18:00etan, eta izena eman beharko da. “Indartsu hasi ginen duela bi ikasturte gizonei zuzendutako ikastaroekin, baina gutxinaka indarra galtzen joan da, geroz eta gizon gutxiagok ematen baitute izena. Aurten, urriaren 29an egingo dugu saioa, Iñi Etxezarreta Tocaren eskutik, eta espero dugu gizonek izena ematea. Izan ere, Ondarroa feministagoa sortzeko ardura denona da, baita gizonena ere. Etxelilatik gizonei zuzendutako ikastaroak egiten jarraituko dugu, beharrezkoa delako gizonen aldaketa ere”.
Aurten, lehen aldiz Amatasuna eta feminimoa ikastaroa eskainiko du Nahia Alkortak. Ikastaroaren helburua, amen arteko sare bat sortzea da, beti ere, ikuspuntu feministatik: “Amatasunak sortzen dizkigun kontraesanak ikuspegi feministatik landu eta amatasun ahaldundu eta askeagoak eraikitzeko hausnarketa espazioa sortuko dugu. Saretze dinamikak, arantzen identifikatzea eta hausnarketa kolektibo feminista sustatuko dira”.
Bestalde, urtero legez, bi zerbitzu eskainiko ditu Etxelilak ikasturtean: Aholkularitza juridikoa eta Sexuen aholkularitza gunea. Ikuspuntu feministatik eskainitako doako zerbitzuak izango dira.
10 urtez aringaingan. Aringaingan taldeak 10. urteurrena ospatuko du aurten. Ondarroako Udalaren ekimenez sortu zen 2016an, emakume korrikalariek kaleak hartzeko helburuagaz. Arantza Burgoa Agirregomezkorta da dinamizatzailea, taldea sortu zenetik. Aurten, hamargarren urteurrena ospatzeko, emakume guztientzako lasterketa eta ibilaldi ez lehiakorra egingo dute, azaroaren 29an: “Emakume guztiekin parteatu nahi dugu egun berezi hau. Horregatik, deialdi hau herriko eta inguruko emakume guztiei luzatu nahi diegu. Lasterketa hau ez da lehiaketa bat. Oinez, korrika eta bakoitzak bere erritmoan egin dezake. Helburua ez da azkarrena izatea elkarrekin irten, emakumeok kaleak hartu eta kirola elkarrekin bizitzea da, ahizpatasuna eta feminismoa ardatz harturik”.