"50. urteurrena herrira zabaltzeko" antolatu dute Xemein Eguna
Xemein Abesbatzak Ondarroako Kantaize Orfeoia, Zeanuriko Abesbatza eta Mallabiko Abesbatza izango ditu lagun zapatuko [urriak 3] emanaldian.
50. urteurren ospakizunetan murgilduta dago Xemein Abesbatza. Mende erdi kantuan pasa ondoren, taldeak bizirik dirauela berrestera datoz oraingoan, izan ere, Xemein Eguna ospatuko dute zapatuan [urriak 3]. Goizean hasi eta iluntzera arte, musikaz eta ospakizunez betetako eguna izango dute markina-xemeindar guztiek.
Goizean ekingo diote eguneko ekintzarik ikusgarriena. 11:30ean Xemeingo Abesbatzaren kantaldia ikusteko aukera izango dute herritar eta inugurukoek. Herritar guztiak hurbiltzeko eta euren parte hartzea sustatzeko asmoz, “euskal kanta ezagunak” abestuko dituztela aurreratu du Xemeingo Abesbatzak: “Benito Lertxundiren kantaren bat egongo da tartean, eta kanta herrikoiak izango dira gehienak. Kaleko jendeak ezagutuko dituenak”. Xemein Abesbatza, baina, ez da emanaldiak bakarrik egongo. Ondarroako Kantaize Orfeoia, Zeanuriko Abesbatza eta Mallabiko Abesbatza izango ditu lagun.
Abesbatzaren jaiotzaren eta mende erdiko ibilbidearen lekuko izan den herriari ere omenaldia egin dio taldeak. Markina-Xemein oholtza erraldoi bihurtu eta han eta hemen ariko dira abeslariak; Arretxinagako zubian, Uhagonen, zelaian, Fray Bartolomen eta Karmengo plazan. Emanaldira eta osteko triki poteora hurbiltzeko deia egin die abesbatzak herritar guztiei: “50. urteurrena herrira zabaltzea da asmoa, eta gure jaia herritar guztiekin batera ospatzeko”.
120 pertsona batuko dira bazkaltzeko, eta ostean, Eingo! taldeak herri guztiarentzat girotuko du iluntzea.