Kantuak mugarik ez duenean
Bidelagunekin ospatu du 50. urteurrena Xemein Abesbatzak. Xemein Egunak ospakizun ikusgarriena hartu du gaur [urriak 3], Ondarroako, Zeanuriko eta Mallabiko abesbatzak lagun.
Mallabiko Abesbatza, Arretxinagako zubian abesten Ezin zitekeen beste modu batera izan. Kantuan ospatu du Xemein Abesbatzak 50. urteurrena, kantuan eta bidelagunekin, abestien oihartzuna urrunago ailegatu daitekeenaren jakitun. Xemein Egunak euskal kantuz girotu du Markina-Xemein gaur [urriak 3].
11:30erako zeukaten hitzordua jarrita abeslariek. Eta ordurako, Plazabarripean bilduta zeuden, kontu kontari, kantuan hasi aurretik. Ondarroako Kantaize Orfeoia, Mallabiko Abesbatza eta Zeanuriko Abesbatza izan ditu ondoan Xemein Abesbatzak.
Nork bere bideari ekin dio. Nork bere errepertorioa aireratu du, Zelaiko Arkupeetan, Fray Bartolomen eta Xemeingo zubian. Bakoitzak launa abesti kantatu ditu. Kantu herrikoiak. Euskaldunak gehienak. Hunkigarri, sentibera, indartsu. Eder, ikus-entzuleei abesteko gonbitea eginaz. Eta 13:00ak inguruan, Goikoportalean elkartu dira. Eta horrela, elkarregaz, hiru abesti abestu dituzte: Maitia nun zira, Baldorba Oi Baldorba eta Goizian argi hastian.
Esperientzia ahaztezina izan da. Ondarroako abesbatzekoek lehenengoz abestu dute Markina-Xemeinen. Mallabikoak ere lehenengoz aritu dira kantuan Markina-Xemeingo kaleetan. Aurretik, Berakruz ikastolaren urteurrenean egonda zeuden eta, orain, bi udalerrietako abesbatzetan dabilen kide baten bidez heldu zaie gonbitea. Zeanurikoak orain dela hamar urte inguru egon ziren Xemein Gauan, eta gaur, udalerria musikatzen aritu dira berriz. Horrelako ekimen gehiago egiteko nahia adierazi dute. Elkartzeko desioa.
Bazkaritan elkartu dira ondoren, jan-edanean eta zelan ez, kantuan, Eingo!-ren erromeria ailegatu bitartean.
72177720335944962