Kresala Kultur Elkarteak 60. urteurrena ospatuko du
Euskal kultura zabaldu eta sustatzen jarraitzea helburu, 60. urteurreneko jaia egingo dut Kresala Kultur Elkarteak zapatuan [urriak 3].
Kresala kultur elkarteko txistulari eta dantzariak, Alamedan Euskal kultura eta euskara zabaltzen eta sustatzen dihardu Kresala Kultur Elkarteak duela 60 urtetik, eta orain arteko ibilbidea ospatzeko asmoz, zapatuan [urriak 3] batuko dira Ondarroako kulturzaleak. “Ofizialki 60 urte bete dituen arren, duela 62 urte hasi ziren Kresala sortzeko dokumentazioa batzen. Bi urte horretan ibili ostean, 1966an eratu zen elkartea. Euskal Herriak urte mordoa pasatu du gure kultura eta hizkuntza zaintzen, eta Kresalaren hastapenetan Euskal Herriko egoera zegoen bezala zegoen. Ordutik hona buelta asko eman ditu kulturak, eta baita euskal gizarteak orokorrean ere. Baina guk argi gure kultura eta hizkuntza zaindu eta zabaltzeko daukagu premia berdina dagoela oraindik ere. Beraz, hasierako helburu berdinen eutsiz, horretan gabiltza. Guk egin ezean, ez du inork egingo”.
Duela 10 urte, elkarteak 50 urte bete zituenean, dimentsio handiagoko ospakizuna egin zuten, baina aurten, “zerbait xumea” egitea zen elkarteko kideen asmoa: “Aurten arratsaldeko egitarauan jarri dugu indarra. Momentu honetan elkartean dauzkagun bi adarrak, dantza eta banda, kontuan hartuta, kalera aterako gara”. Hala ere, nahiz eta egun puntualetan kaleak hartu, urte guztiko jarduna eramaten dute aurrera elkarteko kideek: “Jaiak antolatzen ibiltzen gara, edozein egun puntualetan dantzan, edo baita musika bandarekin kalejiran ere. Kaleko jendea gara, herrian gaude denbora guztian, eta zapatuan ere kalera aterako gara”.
Hasierako ideia jaia herriko frontoian egitea bazen ere, eguraldiaren iragarpenagatik Zaldupe Eskolako jolastokian egingo dute: “Guretzat esanahi berezia dauka herriko frontoiak sinbolikoki. Hala ere, euria dago iragarrita, eta ez gara arriskatuko”. Beraz, 18:30ean hasiko da kalejira Alde Zaharretik Zaldupera, musika banda eta dantzariekin: “Euria badago dantzariak ez dira egongo, abarkekin egongo direlako”. Ondoren, 19:00etan ekitaldia hasiko da Zaldupeko jolastokian: “Bertsolariak, musika banda, dantzak, irakurketa eta ezusteko gehiago egongo dira”. Ondoren, Ttarraka erromeria taldea igoko da oholtzara. Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte zapatuan Kresalaren 60. urteurrena ospatzera: “Giro ederra egongo da, eta espero dugu jendea bertaratzea. Badakigu eguraldia faktore garrantzitsua izango dela, baina ateak zabalik daude mundu guztiarentzat”.