Ane Urresti Lekube: "Erakutsi dugu kontsumitzeko beste modu bat existitzen dela"
Euskarazko eduki sortzaileek azken urtean hartu duten indarraren lekuko zuzena da Ane Urresti Lekube (Mutriku, 2003). Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen, eta betidanik izan du kamera eskuan. Hala eta guztiz ere, azken urteotan bere egunerokotasuna bihurtu dira sare sozialak.
Txikitatik kontsideratu izan du bere burua sortzaile Ane Urresti Lekube mutrikuarrak. Azken urteetan sortutako edukia sare sozialen bidez elkarbanatzen du, euskal eduki sortzaileen komunitateko parte bihurtuz. Eduki sortzaile izateari buruz jardun da gaurkoan, alde argi zein ilunak mahaigaineratuz.
Nola hasi zinen edukia sortzen?
Nik uste dut txikitatik egon naizela kamera bati itsatsita, argazkiak ateratzen edo nire buruari bideoak grabatzen. Baina uste dut COVIDa heldu zenean eta etxean sartu gintuztenean hasi nintzela nire burua entretenitzeko bideoak grabatzen eta lagunen artean neukan kontu batera igotzen. Lagunek erantzun egiten zidaten eta grazia egiten zien. Pandemiatik irten eta pixkanaka sortzen hasi nintzen, baina nire lagunen artean zabaltzeko.
Noiz hasi zinen zure edukia publiko zabalagora zabaltzen?
Unibertsitatera joan nintzenean gauza bera egiten zuen jende asko ezagutu zuen, ikus-entzunezko munduan sartuta zegoena. Proiektu berrietan sartu nintzen, eta pixkanaka bideoak igotzen hasi nintzen. 2024an hasi nintzen jarraipen gehiagorekin gauzak igotzen, hasieran txorakeriak izaten ziren, baina 2023an inauterietako egin genuen mozorroaren bideo bat igo nuen. Bertan azaldu nuen nola egin genuen mozorroa; izan ere, supermerkatuko produktuz joan ginen mozorrotuta, eta ni makarroi pakete bat nintzen. Beraz, hori azaldu nuen. Jendeari asko gustatu zitzaion, eta esango nuke, hor hasi nintzela bideo gehiago egiten.
Geroz eta euskal eduki sortzaile gehiago zarete Euskal Herrian. Zuen artean ere badaukazue sare bat, ezta?
2023an igo nuen makarroien bideoa eta, gero, konturatu nintzen jendeari interesatzen zitzaiola egiten genuena. Beste euskal eduki sortzaile asko ere ezagunagoak egiten hasi ziren. Beraz, pentsatu nuen ondo legokeela gure arteko topaketa batzuk egitea, elkar ezagutu, komunitatea sortu eta sarea osatzeko. Jendeari idazten hasi nintzen, topaketa bat egiteko intentzioarekin. Harritu egin nintzen topaketa horrek zelako dimentsioa hartu zuen, birala egin baitzen gazteen artean, eta prentsara ere heldu zen. Uste dut ordutik asko jarri dela balioan gure lana. Azken urte honetan, 2026an, eduki sortzaile izatetik eduki sortzaile izateari garrantzia ematera pasa naiz, eta uste dut, orokorrean euskal jendarteak ere beste balio bat eman diola. Euskal Herri mailan badaukagu nolabaiteko eragina, batez ere, gazteengana hurbiltzeko dugun gaitasunagatik.
Topaketa hori inflexio puntu bat izan zen euskal eduki sortzaileon ibilbidean?
Bai, guztiz. Ordura arte uste dut jendeak uste zuela hiruzpalau eduki sortzaile besterik ez geundela Euskal Herrian. Baina hortik aurrera jendea hasi zen ikusten asko geundela. Gainera, uste dut, ordutik, eduki sortzaile askok pausu bat eman dutela, eta ikusi dutela aukera dagoela euskaraz sortzeko. Baita kontsumitzaileek ere, aukera baitago euskaraz kontsumitzeko. Beste adin tarte bateko jendea ere interesatu da, eta erakutsi dugu kontsumitzeko beste modu bat existitzen dela. Hau da, telebistatik mugikorretara pasatu gara, nahiz eta telebistak hor jarraitzen duen, baina gaur-gaurkoz, eduki asko kontsumitzen dugu mugikorretan. Beraz, eduki hori euskaraz eta balio jakin batzuei lotuta egotea garrantzitsua da. Izan ere, guraso diren askok ere ikusi dute badaukala garrantzia beren seme-alabentzat. Salto garrantzitsua izan da urte honetan eman duguna.
Gazteengana heltzeko modu bat dela konturatu dira, eta asko betetzen nau herriko komertzioei laguntzeak
Euskal eduki sortzailea zara, eta euskaraz sortzen duzu. Hautu bat izan da zure ibilbidean?
Nik ez dut hauturik egin euskaraz sortzeko, nire ama hizkuntza da, eta egunerokotasunean euskaraz bizi naiz. Mutriku bezalako herri pribilegiatu baten sortu eta hazi naiz, beraz, ez da hautu bat izan. Hala ere, euskaraz sortzeaz gain, euskaratik sortu nahi dut. Hau da, euskal kultura eta euskal erreferenteak oinarri izanda. Beraz, nire hautua da nik sortzen dudan edukien oinarrian euskal erreferenteak izatea, eta beste erreferente espainol edo ingelesak baztertzea. Argi utzi nahi dut nire helburua edukia euskaraz sortzea dela, baina planteatu gabe euskaraz sortzen ari garela. Jendeari erakutsi nahi diot ez garela egon behar behin eta berriz errepikatzen euskara dela gure oinarria. Euskara da gure oinarria, jakina, baina normalizatu eta naturalizatu egin nahi dut, behin eta berriz azpimarratzeko berrik eduki gabe. Euskaraz zegatik sortzen dudan galdetzea, soberan dago niretzat. Izan ere, nahi dudana da, gazteek ikusi dezatela euskaraz sortu eta kontsumitu daitekeela.
Publizitatea egiten ere hasi zara.
Oso harrituta nago herriko zein kanpoko denda eta elkarteek ere kontuan hartzen gaituztelako. Donostian bizi naiz, eta Donostiako elkarte eta denda txiki askok idatzi didate publizitatea egiteko. Polita iruditzen zait. Hala ere, are politagoa da niretzat Mutrikura buelta egin eta nigan konfiantza jartzea. Gazteengana heltzeko modu bat dela konturatu dira, eta asko betetzen nau herriko komertzioei laguntzeak.
Prekarioa ere izan daiteke?
Askotan pasatzen zait publizitatera sortzerako orduan nik ez dakidala eskaintzen dudanarekin eurek zer eman behar didaten edo zein baldintza bete beharko luketen. Hor zalantza asko daude, batzuk publizitate gehiago sortzen dute, eta beste batzuk orain hasi gara. Gure artean hitz egiten dugu honi buruz, eta bagabiltza pixkanaka denon artean bideorri bat marrazten. Bakoitzak ikusten du zer sortu, baina nik sortzen dudana beti da nire baloreekin bat egiten duena, eta publizitatearekin berdin. Bete egiten nau marka edo proiektu txikiei publizitatea egiteak. Hala ere, kontziente naiz oreka bat mantentzea beharrezkoa dela, ze, eduki sortzaile izateaz gain beste lan bat ere badaukagu gehienok, eta ez da erraza denera heltzea.
Gaur-gaurkoz, proiekturik eskuartean?
Bai, orain proiektu berri batean nago. Oraindik ezin dut esan zer den, baina urtarrilean aterako da. Resaka pasa Podcasta egiten nuen nik; lehenengo denboraldia bukatu zen eta ez dakigu jarraituko duen. Baina antzeko proiektu bat dator urtarrilera begira, eta horrekin pozik nago. Hemendik abendura arte biziraun beharko dut, mila gauza txikitan nago sartuta-eta.
Eta etorkizunari begira, nola irudikatzen duzu eduki sortzaileen etorkizuna?
Nik askotan pentsatu dut momentu batean guztia bukatuko dela. Eduki sortzaile kontzeptua beti egon da, edukia beti sortu izan delako. Beti gabiltza aldatzen, baina uste dut momentu batetik bestera aldatu egingo dela edukia kontsumitzeko modua, eta egokituko gara edo besterik gabe utzi egingo diogu.
Eta zuri dagokizunez?
Nik ez dakit. Bizitza osoa daramat sortzen, eta asko betetzen nauen zerbait da. Ez dut nahi gainezka egiterik, ez baita erraza dena uztartzea. Pribatutasunaren kontua ere hor dago, eta asko zaintzen dudan arren, beldurra ematen du. Hala ere, momentuz ez nau kezkatzen. Nahiz eta askotan produktu bezala tratatzen gaituzten, pertsonak gara, eta normalena da gainez egitea. Uste dut norberak jarri behar dituela mugak horretan. Hala ere, momentuz betetzen nauen zerbait da, eta honetan jarraituko dut, pozik nago eta.