Euskal Pilota Selekzioa, XX. Munduko Txapelketara begira
Argentinan eta Uruguain jokatuko dute Munduko Txapelketa, eta bertan egongo dira Maia Goikoetxea, Elaia Gogenola, Maialen Aldazabal, Eneritz Lizardi, Eñaut Urreisti, Jon Ibarluzea, Aritz Erkiaga eta Ortzi Aldazabal. Ander Bilbaok, berriz, zesta-puntako emakumezkoen taldeko hautatzaile bezala bidaiatuko du.
Atzo arratsaldean Gasteizen egin zuten agerraldia.Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako Munduko Txapelketa batean parte hartuko du lehenengoz Euskal Pilota Selekzioak. Urriaren 15etik 24 bitartean, Buenos Airesen (Argentina) eta Colonia del Sacramenton (Uruguai) lehiatuko dute XX. Munduko Txapelketa.
Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak atzo arratsaldean [urriak 1] Gasteizen aurkeztu zuen Euskal Pilota Selekzioa osatzen duen lantaldea, erakunde publikoetako zein babesleen ordezkaritzek lagunduta. Euskal Pilota Selekzioak hamahiru espezialitatetan parte hartuko du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 41 pilotari hautatu dituzte, eta bederatzi hautatzailek eta laguntzaile batek osatzen dute selekzioaren teknikarien lantaldea.
Lea-Artibaik ordezkaritza zabala edukiko du. Maia Goikoetxea, Elaia Gogenola, Maialen Aldazabal eta Ortzi Aldazabal berriatuarrek, Eneritz Lizardi eta Eñaut Urreisti mutrikuarrek, Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Jon Ibarluzea markina-xemeindarrak jokatuko dute. Puntisten zerrendan ez ezik, teknikarien taldean ere edukiko du ordezkaritza eskualdeak, zesta-puntako emakumezkoen taldeko hautatzailea baita Ander Bilbao berriatuarra.
Joxemari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzaren presidentearen hitzetan, “pauso bat emanda, herri oso bat ordezkatuko” dute, eta ardura “izugarria” bada ere, “are handiagoa da daukaten ilusioa”. Modalitate batzuetan urrezko domina irabaziko dutela ziurtatu zuen: “Zaila izango da dominak lortzea, baina oso ondo prestatu gara”. Bestalde, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzaren lehen lehandakariordeak esan zuen txapelketa “mugarri berezia” izango dela euskal kirolarientzat: “Lehen aldiz, Euskadik bere izenarekin eta ofizialki parte hartuko du nazioarteko txapelketa nagusian. Aurkeztu den taldea kirol ordezkaritza bat baino gehiago da; urte luzez egindako lanaren, konpromisoaren eta aitortzaren sinbolo ere bada. Herri oso baten ilusioa eta harrotasunaren ordezkaritza izango da. Herri oso baten baloreak mundura zabalduko dituzte gure pilotariek; erri oso baten ilusioa, harrotasuna eta kirol tradizioa eramango dituzte haiekin. Eusko Jaurlaritzatik gure konpromisoa sendoa da, eta lanean jarraituko dugu Euskal Selekzio guztien ofizialtasunerako bidean”.
HAUTATUTAKO PILOTARIAK
- Zesta-punta · 54 metro · Gizonezkoak:
- Unai Lekerikabeaskoa (Eraman Jai Alai)
- Xabi Barandika (Eraman Jai Alai)
- Eñaut Urreisti (Danok Bat)
- Jon Ibarluzea (Markina)
- Zesta-punta · 54 metro · Emakumezkoak:
- Elaia Gogenola (Berriatua)
- Eneritz Lizardi (Danok Bat)
- Maia Goikoetxea (Berriatua)
- Maite Ortiz de Mendivil (Danok Bat)
- Zesta-punta · 36 metro · Gizonezkoak:
- Aritz Erkiaga (Eraman Jai Alai)
- Ortzi Aldazabal (Berriatua)
- Zesta-punta · 36 metro · Emakumezkoak:
- Helena Barrenetxea (Durango Jai Alai)
- Maialen Aldazabal (Berriatua)
- Eskuz · 36 metro · Gizonezkoak:
- Beñat Azketa (Tartaloetxe)
- Beñat Garmendia (Lapke)
- Ekhi Irribarria (Tolosa)
- Eñaut Lizeaga (Mundarro)
- Gaizka Carregal (Adiskide)
- Oier Elorz (Upo Mendi)
- Larruzko paleta · 36 metro · Gizonezkoak:
- Ander Landeta (Danok Bat)
- Ibai Perez (Galipa)
- Iñaki Urrutia (Armintza)
- Markel Sierra (Kurene)
- Pala motza · 36 metro · Gizonezkoak:
- Jagoba Madariaga (Armintza)
- Esteban Gaubeka (Armintza)
- Iker Gordon (Kurene)
- Imanol Ibañez (Armintza)
- Parapelota · Ezker pareta eta trinketea · Gizonezkoak:
- Beñat Lizaso (Kemen)
- Sergio Rodriguez (Zartada)
- German Luis Elkoro (Kemen)
- Edorta de Anta (Kemen)
- Gomazko paleta · 30 metro · Gizonezkoak:
- Julen Loidi (Gazteleku)
- Unai Sagarzazu (Kurpil Kirolak)
- Gomazko paleta · 30 metro · Emakumezkoak:
- Amaia Irazustabarrena (Hernani)
- Nagore Martin (Errekaleor)
- Frontball · Emakumezkoak:
- Miren Larrarte (Behar Zana)
- Olatz Arrizabalaga (Lea Ibarra)
- Frontball · Gizonezkoak:
- Julen Alberdi (Tolosa)
- Mikel Aurrekoetxea (Lemoa)
- Xare · Trinketea · Gizonezkoak:
- Oier Iturbe (Ametsa)
- Xuban Lopetegi (Ametsa)
- Markel Mugika (Ametsa)