Joseba Arevalo: "Arraunak askatasuna eta bizitasuna ematen dizkit"
Zazpi urte zituenetik etxeko taldean aritu ostean, Ondarroa Arraun Elkarteagaz Eusko Label Ligara jauzia eman du aurten Joseba Arevalo arraunlari elantxobetarrak. Debutagaz zein taldeak denboraldian erakutsitako mailagaz "pozik" dago.
Elantxobeko uretan hasi eta hezitako arraunlaria da Joseba Arevalo Gandarias (Elantxobe, 1999), eta etxeko taldean eman ditu azken 20 urteak, horietatik hamaika, traineruetan. Azken denboraldia, baina, Ondarroa Arraun Elkartearen ontzian lehiatu du, Eusko Label Ligara jauzia emanez eta Kontxako estropadan parte hartuz.
Irkus Goitis Goiogana, Patxi Egurrola Goiogana, Asier Arego Bengoa, Iker Goikoetxea Bilbao, Luis Angel Salvador eta Iñaki Errasti Ubera izan ditu entrenatzaile, gazte mailan traineruan sartu zenetik; geroztik, hamabi denboraldi eta 197 estropada lehiatu ditu, Elantxobe —eta Busturialdea— Arraun Elkarteagaz zein ondarrutarrekin. Denboraldi berria Gorka Etxeberria Olideren agindupean egingo du.
“Ondarroara joatea aukera ona izan zitekeela sentitu, eta horren aldeko apustua egin nuen”
Etxetik kanpo egin duzun lehen denboraldia amaitu berri duzu.
Bai, eta esperientzia oso aberasgarria izan da. Azken batean, beti aritu naiz Elantxoben arraunean: 27 urte ditut, eta 6 edo 7 urtegaz hasi nintzen. Bizitza osoa daramat Elantxobe Arraun Elkarteari oso lotuta: aurtengoaren aurretik, 11 denboraldi egin nituen bertan, gazte mailatik hasi, eta KAE1 eta KAE2 mailak lehiatzera iritsiz. Urteak aurrera doazela ikusita, baina, Ondarroara joatea aukera ona izan zitekeela sentitu, eta horren aldeko apustua egin nuen. Denborak arrazoia eman didala uste dut: denboraldi oso ona egin dugu, eta pila bat estropadetan parte hartzeko aukera izan dut.

KAE2tik Eusko Label Ligara jauzia eman duzu.
Apustu sendoa egin nuen, eta banekien goi mailako talde batera joatean, bertan aurkituko nuen exijentzia altua izango zela. Ondarroan, baina, lehen momentutik oso eskuzabalak izan dira nigaz; lehen momentutik, ondarrutar bat gehiago banintz bezala sentitu naiz. Oso ondo hartu ninduten, eta oso oso pozik aritu naiz, lehen segundotik baloratua sentitu bainaiz. Uste dut jauziak errespetua ematen duela beti; izan ere, gero eta maila handiagoetara joateak erantzukizun gehiago hartzea eskatzen du, baina ondo kudeatu dudala uste dut. Ez dut kanpo presio handirik sentitu, eta nirera ibili naiz.
Nola ikusi duzu zure burua? Eta taldea?
Ekainaren hasieran test bezala hartzen diren estropadekin hasten da nolabait liga, eta atzetik Bizkaiko eta Euskadiko traineru txapelketak egoten dira. Denboraldia oso luzea izaten da, lehia gutxi gorabehera lau hilabetean luzatzen baita. Ofizialki uztailaren hasieran hasi, eta Kontxako, Bermeoko eta Portugaleteko estropadetara sailkatuz gero, irailaren erdian bukatzen da. Gainera, kontuan izan behar da asteburuko bi estropada direla. Aurten berretsi dut guzti horri aurre egiteko fisikoki oso oso ondo prestatuta egotearen garrantzia, eta horrek neguan zehar egitea eskatzen duen lan gogorra. Pertsonalki, denboraldiak utzitakoagaz pozik nago. Uste dut Ondarroan lan hori ondo egin dugula, eta bai neu, bai neure taldekideak ondo heldu garela denboraldi bukaerara.
“Oso pozik nago bai lehenengoz bizi izan dudan esperientziagaz, bai taldeak egindako lanagaz”
Oroitzapen bereziak utzi al dizkizu denboraldiak?
Bai, azken denboraldikoen artean aukeratu beharko banu, bi azpimarratuko nituzke: batetik nire debuta Madrilgo estropadan, uste baitut inoiz ez naizela horren urduri sentitu; eta, bestetik, Kontxako sailkapen estropada.
Behin Kontxara sailkatuta, ze helburu finkatu zenuten?
Gure helburua beti da borrokatzea. Jakina, bagenekien onenen arteko lehian sartzea zaila izango zela, baina gure bertsio onena eman nahi genuen. Gure lehen helburua eguazteneko estropadan sailkapena lortzea zen. Ligako mailari eusteko helburua ondo bideratuta genuela ikustean hasi ginen data horri begira. Merezimendu osoz lortu genuen sailkapena; udako mailari eutsi genion eta denbora izugarria egin genuen. Bi domeketan ere, itsasoaren baldintzak gure alde izan ez arren, estropada onak egin genituen. Pertsonalki oso pozik nago bai lehenengoz bizi izan dudan esperientziagaz, bai taldeak egindako lanagaz.

Kolore gorriz bete zen Donostia hiru hitzorduetan.
Guk beti, neguan, udaberrian zein udan, herriko edozein izkinatan beti entzuten ditugu ‘ru-ru-ru’ edo ‘aupa Ondarru’ bezalakoak. Ondarrutarrek arrauna bizi dute, herriarekiko zein traineruarekiko sentimendu berezia daukate, eta hori argi gelditu zen Donostiako arrapalan: kolore gorriz bete zen. Autobusak antolatu zituzten eta ondarrutar asko joan ziren; eskertzekoa da momentu guztietan gure ondoan dauden zaleak izatea. Izan ere, ez bakarrik Kontxan, Galizian ere ondoan izan genituen.
“Arraunlariak oso pozik gaude elkarteagaz, eta bertan jarraitzea dut helburu”
Bai ligan, bai Kontxan Lekittarragaz lehian aritu zarete.
Bai, baina lehia sanoa da, kar-kar-kar. Isuntzak maila izugarria daukan taldea dela erakutsi du, eta horrek gu ere hobeak izatera behartu gaitu. Lekittarrak zein ligan gertu ibili diren beste talde batzuk ondo aritzeak gure buruari gehiago exijitzea ekarri du, gure maila hobetu behar izatea. Bi taldeak ondo aritu gara ligan, eta merezimendu osoz sailkatu ginen Kontxara.
Errastiren agindupean ibili zara bere azken denboraldia izan den honetan.
Bai, eta egindako lana oso ona izan da, bai denboraldian zein denboraldiaurrean. Neguan egin genituen jaitsierak oso onak izan ziren, eta denboraldian zehar ere, berak ezarritako helburuak bete ditugu. Gure lana egin dugu, uneoro talde barrura begiratuz eta kanpoko guztiaz ahaztuz. Argi ikusi da berarengan izan dugun konfiantza: bederatzi urte egin ditu Ondarroan, eta taldea dagoen lekuan badago, neurri handi batean, berari esker da. Esaten zuen guztia betetzea emaitzetan islatu da: taldeak errendimendu ona izan du, oso azkar ibili gara.
Datorren denboraldian Ondarroan jarraituko duzu?
Bai, Gorka Etxeberriak hartuko du Iñakiren lekua, eta ziklo berriari ekingo diogu. Arraunlariak oso pozik gaude elkarteagaz, eta bertan jarraitzea dut helburu.
Helbururik zehaztu al duzue?
Gurea, uretako lehia, exijentea da, eta itsasoak dena baldintzatu badezake ere, klubetik argi esan digute helburua Eusko Label Ligan mantentzea dela. Errealistak izan behar dugu. Hortik aurrera, oinarri sendoak ezarri, eta gora begira egoteko anbizioa ere badaukagu, eta uste dut ez dela ezinezko gauza bat. Ea aurrerapausoa emateko gai garen.

Bizitza osoa daramazu arraunean. Nola uztartzen da lanagaz?
Irakaslea naiz, eta horrek arratsaldera arte eskolan egotea eskatzen du. Etxera heldu, askaria jan eta segituan entrenatzera joaten gara, askotan bi ordutik gorako saioak izanik. Denbora kentzen du, baina gustuko tokian aldaparik ez! Beti ibili naiz arraunean, asko gustatzen zait, eta nire bizitzako parte garrantzitsua da.
“Elantxobe Arraun Elkartekoei eskerrak eman nahi dizkiet, beti nigan sinistu dutelako”
Zer ematen dizu arraunak?
Itsasoan egoteak, olatuak sentitzeak eta arraunak askatasuna eta bizitasuna ematen dizkit. Azken batean, familiagaz beti egon naiz uretan; itsasoagaz lotura oso estua daukagu.
Elantxobetarra eta Elantxobekoa zara. Taldea jarraitu duzu?
Eta hala izango naiz hil arte. Beti egon naiz eta egongo naiz behar duten guztirako; beraiek ondo dakite. Gertutik jarraitu ditut, eta oso ondo aritu dira. Azken bi urteetan nirekin arraunean aritutakoak dira haietako asko, eta ahal nuen neurrian laguntzen aritu naiz. Asko pozten naiz beraiengatik, eta uste dut, orain arte bezala jarraitzen badute, epe laburrean herriari poztasun bat emango diotela.
Zuberoa Egurrola, zu… Herri txikia, baina maila gorenetan ondo ordezkatua dagoena.
Gure kasta izango da, edo kresala akaso, kar-kar-kar. Ez dakit zer daukan, baina txikitan sartu ginen dinamika horretan, eta odolak beti ezartzen du, kar-kar-kar. Elantxobe Arraun Elkartekoei eskerrak eman nahi dizkiet, beti nigan sinistu dutelako eta Ondarroara joateko aukera izan nuenean, eskuzabalak izan zirelako.