470 ikasle inguru elkartu ditu Lea-Artibaiko 35. Kirol Topaketak
Eskualdeko 5. eta 6. mailako ikasleen elkargune izan da gaur [urriak 5] goizean Ondarroa. Bi gune nagusitan banatu dituzte ikasleak, eta Zaldupe inguruan nahiz hondartzan gustura aritu dira jolasean.
Urteroko legez, Lea-Artibaiko ikastetxeak elkartu eta 35. Kirol Topaketa egin dute gaur [urriak 5] goizean. Eskualdeko 11 ikastetxetako 470 ikasle inguru hartu ditu Ondarroak, eta bi gune nagusitan banatuta igaro dute goiza.
5. mailako ikasleek Zaldupe ingurua izan dute erdigunea, eta 6. mailakoek, hondartza ingurua. Bertan elkartu dira Markina-Xemeingo Bekobenta Eskola Publikoa eta Berakruz Ikastola, Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastola eta Zaldupe Eskola Publikoa, Lekeitioko Herri Eskola eta Azkue Ikastola, Munitibarko Herri Ikastetxea, Aulestiko Urregarai Herri Eskola, Etxebarriko Manuela Zubizarreta Herri Eskola, Ispasterko Herri Ikastetxea eta Berriatuko Eskola Publikoa.
Hala, bost jolas desberdin egin dituzte guneetako bakoitzean, eta besteren artean, txokor batzean, baloi eserian, zelai errean nahiz baloirik gabeko futbolean aritu dira umeak. Eguraldi eguzkitsua lagun, gustura ibili dira ikasleak beste herrietakoak ezagutu eta elkarrekin jolastuz.
Umeak pozarren ibili dira, eta helduak ere, pozik geratu dira aurtengoagaz. Izan ere, aurtengo topaketaren arduradunek egunaren balorazio “oso ona” egin dute: “Oso ondo joan da. Ez da egon inolako ez arazo, ez lesio, ez ezustekorik. Ikasleak bikain ibili dira eta eguraldiak ere errespetatu gaitu. Gaurko egunaren 10eko balorazioa egiten dugu”. Aurreratu dutenez, datorren ikasturtean Markina-Xemeinek hartuko ditu 36. Kirol Topaketak.