Kresalaren talde izaera indartuta, beste hamaika urtez aurrera jarraitzeko "baikor"
Ondarroako Kresala Kultur Elkarteak bere 60. urteurrena ospatu zuen zapatuan [urriak 3]. Taldeko kide diren nahiz izan diren denak elkartu, eta herriaren babesean egin zituzten ospakizunak: "Elkarrekin batu, ospatu, kidetza sustatu eta talde izaera indartu dugunaren sentsazioarekin geratu gara, aurrera egiteko baikor".
Zapatuan [urriak 3] ospatu zuten elkartearen 60. urteurrena.Argazkia: Kresala Kultur Elkartea Ospakizun eguna izan zuten zapatuan [urriak 3] Kresala Kultur Elkarteko kideek. Elkarteko partaideek ez ezik, herri guztiak izan zuen zer ospatua, eta erantzunagaz pozik geratu dira antolatzaileak: “Balorazio baikorra egiten dugu. Eguna ondo joan zen, eta elkarrekin batu, ospatu, kidetza sustatu eta talde izaera indartu dugunaren sentsazioarekin geratu gara, aurrera egiteko baikor”.
Euriaren ondorioz frontoitik Zaldupeko aterpera lekualdatu zituzten ospakizunak, eta hala, ekintza guztiak aurrera eroan ahal izan zituzten: “Ospakizunak 23:00ak ingurura arte luzatu ziren, eta 20:00etatik aurrera euria hasi zen. Beraz, eskerrak tokiz aldatu genuen dena”. Halaber, kalejira frontoirantz egin beharrean, Zalduperantz egin zuten dantzari eta bandako kideez lagunduta.
Ezustekoak ere hitzeman zituzten, eta hala izan zen: besteren artean, Kortxeleko Mamuak ere bertan izan ziren. Hala, bakoitzak bere aletxoa jarriz, “egun polita” igaro zuten: bertsolariak egon ziren, dantzariek emanaldia eskaini zuten eta bandak bost pieza inguru jo zituen. Ostean, eguna biribiltzeko, Ttarraka taldearen erromeriaz gozatu zuten: “Markatu genituen helburuak bete genituen. Arrankatu dugu motorra, eta honek segida behar du. Hanka bat aurrera botatzeko sasoia da. Hala ere, oraintxe bertan daukagun taldea osasuntsu dago: banda eta dantzariak oso ondo dabiltza. Azken urteetako jende gehien dabil gaur egun. Herriko jendea, gainera, euskal dantzak ikasten ari da”. Hala, “baikor” begiratzen diete etorkizunari: “Nahi genuen egun hasi ospatu, baina baditugu arrazoiak aurrera jarraitzeko. Beti daude arrazoiak aurrera egiteko, gure kultura eta hizkuntza zaindu egin behar ditugulako. Hor dago erronka”.

Zapatuan [urriak 3] ospatu zuten elkartearen 60. urteurrena.Argazkia: Kresala Kultur Elkartea
Kresalaren “benetako balioa”. Horixe da, hain zuzen ere, zapatuko irakurketan nabarmendu zutena: “Ez dezagun utzi euskara, euskal kultura eta gure izatea zapaltzen. Gureari eutsi diezaiogun tinko. Eta, batez ere, eman diezaiogun gure ondorengoei guk jaso nahi dugun hori: gure hizkuntza, gure kultura, gure ohiturak eta gure herri izaera. Hor dago Kresalaren benetako balioa”.
Eta zapatuan bertan ikusi zen bezala, ezin ulertu daiteke Kresala herrigintzarik gabe: “Herria ez da soilik kaleek, etxeek edo eraikinek osatzen dutena. Herria pertsonok egiten dugu. Elkarteek. Boluntarioek. Kulturak. Euskara. Elkarrekin egiten dugun horrek”. Hala, Kresalaren parte izan diren denei eskerrak emanez amaitu zuten ekitaldia: “60 urte hauetan Kresala egin duzuen guztioi: eskerrik asko. Eskerrik asko zuen denboragatik, zuen ahaleginagatik, zuen ilusioagatik eta, batez ere, Kresalarekiko izan duzuen konpromisoagatik”.
Gogoratu zuten, era berean, 60 urte hauek igaro diren arren, ez dela Kresalaren amaiera izango: “60 urte hauek hasiera berri baten abiapuntua izan daitezela. Gaur hemen gaudenok eta etorriko diren belaunaldiek izan dezatela Kresala gure herriaren parte izaten jarraitzeko ardura eta ilusioa. Ondarroan, Euskal Herrian, gurea zaintzen eta eraikitzen jarrai dezagun. Eta Kresala izan dadila, beste 60 urtez ere, euskal kulturaren, euskararen eta herrigintzaren aldeko etxe bat. Haizeak dakar Kresala“.