100 urteren ostean, Ondarroak irabazitako banderak ekarriko dituzte gogora
100 urte uberan taldeak duela 100 urte Ondarroako arraunlariek lortutako banderak ekarriko dituzte gogora. Horretarako, egitarau "oparoa" antolatu dute taldekideek.
Kontxako estropada irabazi zuten arraunlariak. 100 urte uberan. Ondarroako arraunlariek 1926an irabazitako Kontxako Bandera eta Portugaleteko estropada oroituko ditu 100 urte uberan taldeak. Izan ere, bi ekimenak irabazteak herrira ekarri zuen “batasuna eta harrotasuna” balioan jarriz, zenbait ekimen antolatu dituzte datozen asteetarako. Urriaren 9an hasiko dira ekitaldiak, arraunlarien senideei egingo zaien omenaldiagaz, eta urriaren 12tik 25era erakusketa jarriko dute udal erakusketa aretoan. Azaroan ere egongo da zertaz gozatu, eta aurrerago, dokumentala ere estreinatuko dute. “Herriko zortzi lagun inguru batu gara egitaraua egiteko, eta eragileek ere hartu dute parte”.
Duela mende bat, sasoi “ederra” izan zuen Ondarroako arraunak; izan ere, orduko taldeari “garaiezin” deitzen ziotela azpimarratu dute 100 urte uberan taldeko kideek: “Sasoi hartan gainera bi kofradia zeuden Ondarroan, eta garaipen horiek kofradia biak batzea ekarri zuen, herriaren batasuna oinarrian jarriz. Ospakizun handiak egin ziren Ondarroan. Gainera, gure herriko taldea izan zen Bizkaiko lehen taldea Donostiako estropada irabazten”. Hala, pasatakoa orainaldira ekartzeko helburuagaz, orduko arraunlarien senideak omenduko dituen ekitaldiak emango dio hasiera urteurrenari. “Urriaren 9an, 18:30ean, Kofradia berriko bigarren solairuan egingo dugu omenaldia”. Gonbidapen bidezkoa izango da, helburua senideak omentzea baita. Hala, senideei oroigarri bana emango diete eta ondoren luntxa egongo da. Udalaren, Kofradiaren, Aurrera Kirol Elkarteko eta Arraun Taldeko ordezkariek ere parte hartuko dute.
Urriaren 12tik 25era aipatutako bi garaipenei buruzko erakusketa egongo da Udal Erakusketa Aretoan. Hasierako egunetan herriko ikasleek bisitatuko dute, eta ondoren, herritar guztiei zabalduko zaie. Guztira, 650 ikasle inguruk bisitatuko dute erakusketa. Ordutegiari dagokionez, urriaren 16an eta 23an 18:00etatik 20:30era egongo da zabalik; urriaren 17an eta 24an 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era egongo da irekita; eta urriaren 18an eta 25ean 12:00etatik 14:00etara.
Azaroaren 4an Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendariak hitzaldia eskainiko du, 18:30ean, Kofradia Zaharreko bigarren solairuan: “Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatu du hitzaldia, ohiko hitzaldietatik kanpo”. Azaroaren 12an Ondarruko Arrauna Bertsotan hitzaldia egongo da, 18:30ean, Kofradia Zaharreko bigarren solairuan, Xabier Amurizaren eskutik: “Lehengo bertsoak bidali dizkiogu Amurizari, eta horiekin egingo du bertso saioa”.
Mendeurreneko egitarauari amaiera emateko dokumental bat prestatzen ari dira. Oraindik ez dute estreinaldiaren data zehaztu, baina azaroa eta abendua bitartean aurkeztea da asmoa: “Antolatu dugun egitarauko bideoak ere sartu nahi ditugu, beraz, oraindik ez dakigu noiz estreinatuko den. Dokumentalak familien testigantzez gain, udalaren, Aurreraren, Arraun Elkartearen eta Kofradiako ordezkarienak ere jasoko ditu”. Antolatzaileen hitzetan, senideek “gauza asko” dituzte kontatzeko, eta testigantza horiek guztiak bildu nahi dituzte ikus-entzunezkoan.
Hala, 100 urte uberan taldeak 1926ko garaipena kirolaren ikuspegitik ez ezik, Ondarroako historiaren, Kofradiaren eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako oroimenaren parte gisa gogoratu nahi du. Mende bat geroago, arraunlari haien lorpenak berriro ere herrian ospatuz.