Ondarroako Udalak 2027ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa jarri du martxan
Ondarroaren 700. urteurrena dela eta udalak 2027ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa abiarazi du. Argazkiak urriaren 10tik 22ra aurkeztu beharko dira.
Ondarroaren 700. urteurrenaren harira, udalak “egutegi berezia” argitaratuko du Gabonetan. Egutegia osatzeko argazki lehiaketa jarri du martxan, eta parte hartu nahi dutenek urriaren 10etik 22ra aurkeztu beharko dituzte argazkiak: “2027a urte berezia izango du gure herriarentzat eta horren harira egutegi berezia argitaratuko du udalak Gaboneta. Horretarako, argazkiak herritarrenak izatea nahi dugu”. Gainera, egutegiko argazkiak herritarrek aukeratuko dituzte, bozketa bidez: “Bozketa telematikoa izango da, jaietako kontzertua aukeratzeko egin zen antzekoa. Argazkiak entregatzeko epea amaitutakoan hasiko da bozketa”.
Edonork aurkeztu ditzake argazkiak, komunikazioa@ondarroa.eus posta elektronikora bidalita. Bertan, hurrengo datuak agertu beharko dira: egilearen datuak (izen abizenak, helbidea, telefono zenbakia) eta argazkiaren lekua. Parte hartzaileek 16 urtetik gora izan beharko dute, eta Ondarroan erroldatuta egon beharko dira. Pertsonako sei agazki bidali daitezke gehienez, baina pertsona bakoitzeko hiru argazki sarituko dira gehienez. Egilea nor den eta argazki bakoitza non ateratakoa den adierazi beharko da.
Ondarroa izango da argazkietako gaia, eta herria irudikatzen duen edozein argazki onartuko da, “beti ere irain edo errespetu galtarik edo giza eskubideen kontrako mezurik agertzen ez bada”. Aurkeztutako argazkiak horizontalak izan beharko dira; gutxienez, 2 Mbko pisua izango dute, eta gehienez, 10 Mbkoa. Formatuari dagokionez, JPG, PNG edo TIFF formatuetan aurkeztu beharko dira lanak, eta telefono mugikorrarekin ateratakoak ere balioko dute. Argazkiak originalak izan beharko dira, ez da onartuko beste norbaitena den argazkirik edo beste lehiaketaren batean agertu izan denik. “Lehiakideak izango dira aurkeztu dituzten obren erantzule, baita lanaren gain hirugarrengoek aurkez lezaketen edozein erreklamazioaren aurrean ere, hala nola, egiletzari, irudi eskubideei, originaltasunari, antzekotasunari, kopiari eta abarri dagozkienak”. Horrez gain, argazkietan norbait agertuz gero (lehenengo planoan edo erdiko plaoan) pertsona horren baimena aurkeztu beharko da, eta egileak izango du erantzukizuna edozein erreklamazioaren aurrean.
Guztira hamabi argazki aukeratuko dira, eta saridun bakoitzak 100 euroko erosketa txartela irabaziko du herriko dendetan gastatzeko. Irabazleei posta elektronikoz adieraziko zaie aukeratuak izan direla; hala ere, ezingo dute publiko egin egutegia argitaratu arte. Herritarrek aukeratuko dituzte irabazleak, bozketa bidez.