Aulestiko bosgarren azokako izen ematea zabaldu du udalak
19 posturentzako lekua egongo da azokan, eta izena emateko azkenengo eguna urriaren 21a izango da.
Artisau, ekoizle eta ganaduen plaza bihurtuko da azaroaren 28an Aulesti, bertan egingo den bosgarren azokagaz: “Gure artisau eta ekoizleek lantzen duten produktuei bere garrantzia aitortu eta herritarrengana hurbildu nahi ditugu, Gabonetako kontsumoa kalitatezko produktuetara bideratuz, eta bertoko artisau eta ekoizleei bultzada emanez”. Hala, azaroaren 28an antolatuko duten azokarako izen ematea zabaldu du udalak urriaren 21era arte.
Egunean bertan 10:30etik 14:30era egongo da azoka Aulestiko frontoian, eta 19 posturentzako lekua egongo da: “Parte hartzaileek ez dute ordaindu beharko lekuaren erabilera tasarik eta postuen kokapena antolatzaileak erabakiko du produktu motaren arabera”.
Parte hartzeko zenbait baldintza bete beharko direla azpimarratu dute udaletik. Besteak beste, salgai jartzen diren produktuak norberak ekoiztuak izan beharko dira, eskaera orria bete beharko dute azokan parte hartzeko aukera izateko, eta elikagaien salmenta duten ekoizleen kasuan, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egon beharko da eta elikagaiak maneiatzeko dokumentua aurkeztu. Horrez gain, herriko irabazi asmorik gabeko erakundeentzat ere tokia egongo da azokan, egun horretarako jardunetik jasotzen duten diruaren helburua herrigintza bultzatzea bada.
Postuak esleitzeko orduan, lehentasunak markatuko ditu Aulestiko Udalak, eta artisau edo ekoizleek produktu mota berdinerako puntuazio berdina lortzen badute, zozketa bidez esleituko zaie baimena: “Herriko artisau edo ekoizleek 10 puntu lortuko dituzte, produktu ekologikoek 5 puntu, emakume baserritarrek beste 5 puntu, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako kalitateko marka babestuek beste 5 puntu, produktuak garraiatzeko ibilgailu elektriko edo hibridoa dutenek 2,5 puntu eta jasangarritasuna eta kutsadura ekiditeko helburuagaz, ekimena egingo den puntutik produktuaren jatorria daukan zentrorainoko kilometro bakoitzeko distantziagatik 0,1 puntu kenduko zaio bakoitzari.
Postuei buruzko informazio gehiago dago Aulestiko Udaleko webgunean; besteak beste, saltzaileen eskubide eta betebeharrak eta zehapen araubidea kontsultatu daiteke bertan.