Ekai Lersundi gogoan, Aniztasunaren Besarkada eguna ospatuko dute Ondarroan
Zapatuan [urriak 10] Aniztasunaren Besarkada eguna ospatuko dute Ondarroan. Martitzenean [urriak 13], egitarauaren baitan, Iñi Etxezarreta Tocak eta Elene Lopetegi Oleak 'Garen piztiaz beste' liburua aurkeztuko dute.
Seigarrenez ospatuko dute Aniztasunaren Besarkada eguna Ondarroan.Ondarroako Udala. Aniztasun Besarkada eguna ospatuko dute zapatuan [urriak 10] Ondarroan. Ekai Lersundi Martinez gogoan izanda, aniztasuna aldarrikatuko dute herriko kaleetan, besarkadaz besarkada maitasuna zabalduz. Izan ere, urriaren 13a [martitzena] Ekai Lersundiren urtebetetze eguna da, eta horregatik, data horren bueltan antolatzen dute Aniztasunaren Besarkada eguna, Lersundiren familiak eta Ondarroako Udalak. Eguna bera zapatuan ospatuko duten arren, egitarauaren baitan, Elene Lopetegi Oleak eta Iñi Etxezarreta Tocak Garen piztiaz beste. Hitz egin liteke euskal transfeminismoaz? liburua aurkeztuko dute.
12:00etan emango diote hasiera egunari, Euskal Herriko Batukada Feminista sarearen kalejiragaz, Etxelilatik Itsasaurreraino. Ondoren, ekitaldia egongo da Lersundi omentzeko jarrita dagoen oroigarriaren aurrean. 19:00etan Alde Zaharrera lekualdatuko dira, eta bertan Drag showa eskainiko dute Albina Stardust eta Divina Comediak.
Martitzenean, hitzaldia. Garen piztiaz beste. Hitz egin liteke euskal transfeminismoaz? liburuaren aurkezpena eskainiko dute Iñi Etxezarreta Toca eta Elene Lopetegi Oleak. “Gizon eta emakumerik gabeko herri bateranzko bidea egin nahi dugu: menpeko harremanik gabea, bere zentzu zabal eta konkretuenean; harreman horiek nola eraikitzen diren aztertu, eta nola desegin proposatu; desegite horretarako alternatiba posibleak irudikatu, eta praktikan jarri; ardurak sailkatu, gure dagozkigunak hartu, eta gainerakoak dagozkionari hartzeko exijitu”, azaldu dute egileek. Liburuan Euskal Herria transfeminismotik irakurtzeko eta transfeminismoa Euskal Herritik irudikatzeko gakoak jaso dituzte Etxezarreta eta Lopetegik, “Euskal Herri aske eta transfeminista ortzimuga izanik”.