Ikasturteari hasiera emateko, Skate Topaketak antolatu ditu Ondarroako Portuko Ranpak
Portuko Ranpako kideek Skate Topaketak antolatu dituzte zapaturako [urriak 10]. Ondoren, kontzertuak egongo dira.
Ikasturte berriari hasiera emateko helburuagaz, Ondarroako Portuko Ranpak Skate Topaketak antolatu ditu zapaturako [urriak 10]. Goizean umeentzako topaketak egongo dira, eta arratsaldean, nagusienak. Hala ere, ateak irekita egongo dira nahi duenarentzat, eta Portuko Ranpako kideek jendeari probatzera joateko deia egin diote. Gauean kontzertuak egongo dira bertan.
“Denboraldi berriari hasiera emateko asmoz, egun guztiko jaia egitea pentsatu dugu”. Hala, goizean Umeen Skate Topaketak egingo dituzte: “Inguruko umeak animatzeko ideiagaz antolatu ditugu umeen skate topaketak. Portuko Ranpa ezagutu eta skatea probatzeko. Gainera, ez dugu txapelketa formatuan egin nahi izan, maila ezberdinak egongo direlako, eta ez dugulako ikusten formatu egokia testuinguru honetan. Horregatik egin dugu topaketa formatuan, edozein maila daukan jendea animatzeko eta probatzeko. Helburua, beti ere, ondo pasatzea izango da, ez lehiatzea”. Horrez gain, ate ireki estiloko bisita ere eskainiko diote lokala ezagutzen ez duen jendeari, “Portuko Ranpan daukagun arrapala oso egokia da ikasten hasteko”.
Arratsaldean nagusien Skate Topaketak egingo dituzte, “Ideia umeen topaketen berdina da: inguruko skaterrak batu, arratsalde polita pasa, elkar ezagutu eta elkarrekin skatean ibiltzeko aukera izatea”. Gauean kontzertuak eta DJak egongo dira bertan: “Ondarroako Biscay Outlaw Drunks taldeak lehenengo kontzertua eskainiko du, eta ondoren bi DJ egongo dira, biniloekin musika jartzen: “Le Rougarou eta Brian Squeezer”.