Ainhoa Etxebarriak eta Alexander Padillak 'Salda Badugu' podcasta estreinatu dute
Guau plataformak 'Salda Badugu' podcasta estreinatu du, Ainhoa Etxebarria eta Alexander Padillaren eskutik. Bertan, Euskal Herriko pertsona ospetsuak elkarrizketatuko dituzte.
Ainhoa Etxebarria eta Alex Padilla. EITB Guau plataformak Salda Badugu podcasta estreinatu du, EITB Audiok ekoitzitako eta K2000 ekoiztetxeak sortutako saioa. Ainhoa Etxebarria eta Alexander Padilla dira bideopodcasteko gidariak, eta lehenengo atala estreinatu da jada, Izaro Andres abeslariari egindako elkarrizketagaz.
Etxebarriak eta Padillak Euskal Herriko pertsona ospetsuak elkarrizketatuko dituzte “saltsaz” betetako podcastean, “tarte atsegina pasatzen” saiatuz. Salda goxo bat hartu bitartean, gonbidatuen zirrikituak arakatuko dituzte: “Beti esan izan da, euskaldunoi saltseoa asko gustatzen zaigula, baina, orain arte, ez da inor ausartu saltsa horretan sartzen. Ainhoa Etxebarria eta Alexander Padilla gara eta Salda Badugu podcastean Euskal Herriko famatuak elkarrizketatuko ditugu, bizi dituzten krisialdi existentzialei buruz galdetu, eta beraien saltsa guztiak komentatzeko. Hori guztia salda goxo-goxo bat hartu bitartean”.
Bi aurkezleen hitzetan elkarrizketa “naturalak” egin nahi dituzte, umorea, gertutasuna eta konplizitatea erdigunean egonda: “Zero itxurakeria eta ahalik eta benetakotasun handiena”. Salda baten bueltan, bizitzako kontu pertsonalez ariko dira biak elkarrizketatuagaz.
Oier Romatet ibili da teknikari lanetan, eta Padilla bera da saioaren zuzendaria. Gainera, Guau plataforman ez ezik, audio plataforma ezagunetan ere zabalduko dute. Eguaztenetan jarriko dituzte plataforman atalak. Azaldu dutenez, hurrengo gonbidatuen artean daude, besteak beste, Zuriñe Hidalgo, Mikel Idoate, Edurne Pena eta Aitor Albizua.