Elizondoko Gazte Topagune Sozialistara joateko deia egin dute IAS eta GKSk
Elizondora joan eta eskualdera bueltatzeko autobusa egongo da. Barikuan 15:30ean aterako da Lekeitiotik, 15:45ean Ondarroatik, eta 16:00etan Mutrikutik.
Ondarroan egindako aurkezpena. Lea-Artibaiko GKS. Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) Gazte Topagune Sozialista antolatu dute Elizondon, bihartik [urriak 9] astelehenera [urriak 12] arte. Ekainean eman zuten topagunearen berri, eta ordutik, Euskal Herriko auzo eta herrietan denetariko lanketak egin dituzte ekimena lurreratzeko helburuagaz. Lea-Artibai eta Mutrikun ere kalera atera dira gazteak “sozialismoaren aldeko aldarria” zabaltzera. “Uda aprobetxatu dugu aldarriak zabadu eta topagunea sozializatzeko. Horrez gain, komiteak ere egin ditugu kanpaina bera eduki politikoz betetzeko. Bestalde, irailaren 26an aurkezpenak egin genituen Ondarroa, Lekeitio eta Mutrikun”.
Bihar [urriak 9] emango diote hasieta topaguneari, eta astelehenera arte eduki politikoa eta aisialdia uztartuko dituen egitarauaz gozatzeko aukera izango dute gazteek: “Gaur egungo testuingurua ikusita ezinbestekoa ikusten dugu topagunea bezalako espazioak sortzea: milaka gazte norabide iraultzaile baterantz begira. Zenbait gairen inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukera egongo da, baita aldarrikapenak kalera atera eta sozialismoaren aldeko borroka komunitatea indartzeko ere, argi geratu dadin sozialismoaren aldeko hautuak indarra daukala gazteon artean”.
Hala, pil-pilean dauden gaiei ere helduko diete; hala nola, Etxebizitza problematika eta sozialismoaren aurkera, Sexu industria: prostituzioa eta sexualizazioaren aurpegi berriak, Krisi ekologikoa eta taktika sozialista eta Ildo komunista eta taktika antifaxista. Bestalde, aisialdiari dagokionez, mendi lasterketa, bolei txapelketa, umore ikuskizuna, antzerkia eta kontzertuak egongo dira, besteak beste.
Domekan [urriak 11] Elizondoko kaleak hartuko dituzte Faxismoaren eta estatuen autoritarimoaren aurka, gazte langileok sozialismoa eraiki! lelopean, eta astelehenean, ekitaldi politikoa egingo dute: “Hispanitatearen Eguna denez, ekitaldia egingo dugu. Euskal Herrian borondate nazionalak eta euskarak zapalduta jarraitzen dute, eta Euskal Herriko langileok autodeterminazioaren alde lerratzen garela aldarrikatuko dugu. Jo puntuan jarriko ditugu baita, españolismoa eta jaiegun horren jatorri koloniala”.
Autobusak. Joan-etorria egiteko Lea-Artibai eta Mutrikutik autobusa atera dute bi antolakundeek. Bihar [barikua] 15:30ean aterako da Lekeitioko autobus geltokitik, 15:45ean pasako da Ondarroako portutik, eta 16:00etan Mutrikuko biribilgunetik.