Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren domekako saioa jokatuko du Aissa Intxaustik
Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkarteta Asteburuan jokatuko dituzte Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehenengo faseko azkenengo bi saioak, eta Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarrak domekakoa lehiatuko du. Hain zuzen ere, finalaurrekoen lehenengo itzulira sailkatuko diren bertsolarien zerrenda argituko da domekan.
Gotaine-Irabarneko Herriko gelan jokatuko dute txapelketaren lehenengo faseko seigarren kanporaketa zapatuan, 17:00etatik aurrera. Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Onintza Enbeita Maguregi, Andoni Rekondo Izagirre, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Unai Mendizabal Jauregi eta Xabat Illarregi Marzol igoko dira oholtzara.
Domekan, berriz, Aguraingo Lezao kirolgunean elkartuko dira bertsolari eta bertsozaleak. Intxaustik, Agin Laburu Rezolak, Asier Azpiroz Iztuetak, Gorka Pagonabarraga Agorriak, Irantzu Idoate Funosasek eta Nerea Elustondo Plazaolak jokatuko dute saioa, 17:00etatik aurrera.
Bihar zein etzi leihatilak 15:30ean zabalduko dituzte eta ateak 16:00etan. Sarrerak aurretiaz erosi nahi dituztenek www.bertsosarrerak.eus webgunean erosi ditzakete.
Hazparnen hasitako bidea. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehenengo faseko multzoa 42 bertsolarik osatzen dute, eta horietatik hamazazpi pasatuko dira finalaurrekoetara. Hain zuzen ere, lehen faseko saioen irabazleak zuzenean sailkatzen dira, eta gainontzekoak puntuazioaren arabera. Irailaren 19an Hazparnen jokatu zuten txapelketaren lehenengo saioa, eta Miren Artetxek irabazi zuen. Hurrengoei dagokienez, Oier Etxeberriak irabazi zuen Altsasukoa, Ane Labakak Lekeitiokoa, Saioa Alkaizak Donapaleukoa eta Julio Sotok Tolosakoa.
Asteburu honetan ostean, urriaren 24tik abenduaren 5era bitartean lehiatuko dituzte finalaurrekoak. Bi itzulitara izango dira; lehengo itzulian lau saio jokatuko dituzte eta bigarrenean, hiru: Larraun-Lekunberrin (urriak 24), Eibarren (urriak 31), Gernika-Lumon (azaroak 7), Miarritzen (azaroak 14), Donostian (azaroak 21), Gasteizen (azaroak 28) eta Bilbon (abenduak 5). Abenduren 20an jokatuko dute finala, Iruñeko Nafarroa Arenan
Finalaurrekoetarako eta finalerako sarrerak ere www.bertsosarrerak.eus erosi daitezke.