"Israelek genozidioa amaitu dela sinestarazi nahi dio munduari"
Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte gaur arratsaldean. ‘1.096 egun eta gau’ izenburupean, Palestinatik jasotako testigantza irakurri dute.
Ondarroako elkarretaratzea. Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak kaleak aktibatzeko deialdia berretsi, eta euskal jendartearen alderdi politiko, sindikatu, eragile, sektore eta esparru ezberdinetako inplikazioarekin mobilizatzen segitzen du. Gernikaren herritik, genozidiorik ez! Gerrarik ez! lelopean, elkarretaratzeak egin dituzte gaur arratsaldean, tartean, Lea-Artibaiko zenbait herritan eta Mutrikun. 100 elkarretaratzetik gora izan dira Euskal Herriko hiri eta herrietako udaletxe aurreetan, eta horietan, Palestinatik jasotako testigantza irakurri dute, 1.096 egun eta gau izenburupean: Xabier Madariaga Idirinek idatzitako testua, Husam Ghanemen laguntzarekin, Gaza hiritik.
Beste behin ere, Israelgo estatu genozida isolatu, eta Palestinako herriaren ondoan daudela adierazteko hitzordua izan da. Gogoratu dute estatu juduak genozidioa amaitu dela sinestarazi nahi diola munduari, baina Gazako herritarrek oso ondo dakitela genozidioak aurrera jarraitzen duela. 2023ko urriaren 7an hasita, 1.096 eguneko «infernua» dute Gazan, 1.096 gau «are itogarriagoekin», eta hedabideen bitartez «saldutako bakeak» Palestinako biztanleria lehen zeukan lurraldearen %40an pilatuta mantentzen du, lurraldearen %60ak armada hebrearraren eskuetan segitzen duen bitartean: «Duela urtebete titularrek ‘bahituak entregatzea’, ‘su-etena’ eta ‘Trumpen plana zerrendarako’ aipatzen zituzten. Distantziarekin, esan dezakegu hura ‘su- eten tranpa’ izan zela, Israelek gazatarren artean eragiten duen agonia titularretatik kentzeko bakarrik balio izan duena».
Israelek «inpunitate osoz» jarduten duela eta gaur egungo nazioarteko araudia ez dela betetzen, eta ez dela betearazten salatu du Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak. Genozidioak 74.000tik gora eraildako utzi ditu Gazan, eta lurralde okupazioa eta errepresioan «azkartzea» Zisjordanian, eta gosea «arma gisa» erabiltzen dute biztanleriaren aurka, umeak jo puntu «nagusian» jarriz. Hori guzti hori onartezina dela nabarmendu dute.

Inperialismoa, kolonialismoa, eta giza eskubideen urraketa sistematikoetan oinarrituriko forma ezberdinak «iraunkortu eta normalizatu», eta jendartean «onartzera bultzatzen» dituzten erabakiak gailentzen direla gaitzetsi dute: «Gu guztion bizitzak norabidetu eta herrien etorkizunak markatzen dituzten erabakiak dira». Ildo horretan, hurrengo hilabeteetan erronka «erabakigarriak» izango direla adierazi dute deialdi herritarraren kideek.
Bonbak, hondakinen azpietan harrapatutako pertsonak, etxeetan giltzapetuta dauden familiak, kanpadendetan bizi diren herritarrak, hondatutako eraikinak, gosea, heriotza, beldurra… Dagoeneko egunkarien azaletan agertzen ez badira ere, Israelek Gaza bonbardatzen jarraitzen duen adierazle dira: «Gazatarren etxeen atarietan gertatzen dira ‘selektiboak’ ez diren hilketak. Saldu nahi diguten bakea heriotza gehiago da, baita Israelgo armadaren hegazkinek jaurtitzen dituzten bonba kirats indartsuak ere. Saldu diguten bakeak pertsonak hondakinen azpian harrapatzen jarraitzen du, seguruak direla uste duten eraikinak hondatuta erortzen direlako azken urteotako bonbardaketen ondorioz. Eta eraikinak arriskutsuak izan arren, familia osoek etxeetan giltzapetuta jarraitzen dute, bonbardaketa horien beldur». Testuinguru horren adibide moduan, Ghanemen lekukotza jaso dute irakurketan. Seme-alabek ez dutela inora irten nahi esaten diote Ghanemeni, eta horrek bihotza «apurtzen» dio: «Itsasoa etxetik gertu dute, eta deskonektatzeko eta lasaitasun pixka bat sentitzeko leku bakarra da, baina, orain, itsasora paseatzera irteteak izututa uzten du familia». Era berean, izua orokorra bada ere, ume gazatarrek «gosearen beldurra barneraino sartuta» daukatela azaldu dute; janaria jasotzen dutenean, ez dute jaten, kanpadendetara eraman eta gorde egiten dute: «Hurrengo egunean jatekorik izango al den galdetzera itzultzen dira».