Ondarroako ontzidiak Eusko Jaurlaritzaren laguntza espero du itsasora itzultzeko
Zazpi astez portuan geldirik egon ondoren, erregaiaren kostua eta Espainiako Estatu mailako konpentsazioaren arteko aldea murriztea da sektorearen helburua; Eusko Jaurlaritza laguntza osagarri bat emateko aukerak aztertzen dabil.
Ondarroako alturako ontzidiak zazpi aste daramatza jarduerarik gabe, gasolioaren prezioa igotzeak arrantza denboraldiaren errentagarritasuna zalantzan jarri duelako. Egoera horretan, arrantza sektoreak Eusko Jaurlaritzaren esku hartzean dauka esperantza. Izan ere, Espainiako Estatuak bideratutako laguntzak osatzeko har ditzakeen neurrien zain daude.
OPPAOko kideek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritza kalkuluak egiten ari da, ontzien benetako kontsumoaren eta konpentsazioak kalkulatzeko erabiltzen den kontsumo teorikoaren artean dagoen aldea zati batean estaltzeko aukerarik badagoen zehazteko: “Kalkuluak egiten ari dira, Madrilek emango lukeen laguntza nolabait osatzeko aukerarik baduten ikusteko”. Azaldu dute, Bruselak baimena eman ziela Europar Batasuneko herrialdeei gasolioaren kostuaren igoeraren %70eraino konpentsatzeko: “Espainiako Estatuak hasiera batean 20 zentimo litroko laguntza bermatu du, eta abenduan ordainketa osagarriak egiteko aukera zabaldu du. Gure kalkuluen arabera, %70eko konpentsazio mailara iristeko litroko 40 zentimo inguruko laguntza beharko genuke”.
Hala ere, jasoko litzatekeen benetako laguntza txikiagoa izango litzatekeela zehaztu dute: “Ontzietako baten benetako kontsumoa 4.500 litro ingurukoa da eguneko, eta kalkulu teorikoan, berriz, 2.900 litro inguru hartzen dira kontuan. Sistema horrekin, 20 zentimoko laguntza nominala benetako kontsumoaren gainean 12 zentimo inguruko laguntza izatera pasatuko litzateke; 40 zentimoko konpentsazioa, berriz, 24 zentimo inguruan geratuko litzateke. Armadoreentzat, alde hori erabakigarria da berriro arrantzara atera daitekeen ala ez erabakitzeko”.
Egoera honi, flotako ontzietako bat galtzeko arriskua ere gehitu zaio. Orioko portuan amarratuta zegoen bitartean, Ondarroako itsasontzi baten sua hartu zuen, mantentze lanetan zebiltzan bitartean. Lehenengo balorazioen arabera, izan daiteke, itsasontzia ez erabilgarri geratu izana, nahiz eta bi perituk oraindik suaren arrazoiak eta ontzia berreskuratzeko aukerak aztertzen jarraitzen duten.