Urriaren 17an egingo dute Aulestiko Ermitarik Ermita XIX. mendi martxa
Ibilbide luze zein laburra egiteko aukera izango dute urriaren 17an mendizaleek. Urriaren 12a izango da izena emateko azkenengo eguna; hala ere, martxa egunean ere eman ahalko da izena.
Tradizio bihurtu den Aulestiko XIX. Ermitarik Ermita mendi martxa hartuko du urriaren 17an [zapatua] Aulestik. Bi ibilbide egongo dira aukeran, eta mendizaleek urriaren 12ra arte edukiko dute izena emateko aukera; hala ere, egunean bertan ere aukera egongo da.
Izan ere, urriaren 12a orduko izena ematen dutenek ziurtatuta edukiko dute oparia. Hala, ordura arte bi aukera egongo dira izena emateko: online edo udaletxean: 94 627 90 06 telefono zenbakira deituta edo aulestimendimartxa@gmail.com helbidera mezua bidalita. Aurrez ordainduz gero, 14 urtera artekoek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta 15etik gorakoek 18. Bestalde, egunean bertan izena ematen dutenek bi euro gehiago ordaindu beharko dituzte aurretiaz eman dutenek baino (12 eta 18).
Bi ibilbide egongo dira mendi martxan: luzea eta laburra. Luzea 08:00etan aterako da, eta 22 kilometrokoa izango da; gutxi gorabehera, bost ordu eta erdi inguru edukiko ditu: Aulestiko plazatik hasi eta Aparo, Bedartzandi, Urregarai, Malats, Zubero, Urriola, Murelaga, Garatxaga, Lekerika eta Narea igarota. plazan amaituko da berriro. Laburra 10:30ean aterako da parketik, eta hiru ordu ingurukoa izango da 10 kilometroko ibilbidea: Madalena, Murelaga, Garatxaga, Lekerika eta Narea zeharkatuko ditu, Aulestiko plazan amaituz.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, mendi martxa amaitzean jan-edana egongo da parte hartzaileentzat, 12:30etik 15:00etara, eta dutxatzeko aukera ere egongo da. Gainera, goizean, tabernak zabalik egongo dira gosaltzeko eta aparkalekuak ere zehaztuta egongo dira. Azaldu dutenez, debekatuta egongo da txakurrak eramatea.