42. Urriko Azoka Nagusiak giro ederra eta jendetza bildu ditu Markina-Xemeinen
72 postuk eta hamaika animaliak bete dute Lea-Artibaiko 42. Urriko Azoka Nagusia, eta jende ugari ibili da produktuak erosten eta animaliak ikusten. Antolatzaileek oso positiboki baloratu dute eguna.
Alejandro Arrietaren (Xemeingain) postuak irabazi du mahairik onenaren saria. Eskualdeko nahiz inguruetako baserritarren, ekoizleen eta artisau produktuen plaza ederra izan da gaur [urriak 10], beste urte batez, Lea-Artibaiko 42. Urriko Azoka Nagusia. Markina-Xemeingo txoko guztiak hartu ditu aurtengo azokak, eta eguraldi ona lagun, jende ugari bertaratu da produktuak erosi nahiz animaliak ikustera. Nerea Urrutibeaskoa Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkarteko kideak “oso positiboki” baloratu du eguna: “Ondo joan da aurtengoa. Jende asko ibili da, eguraldi aldetik ere giro ederra egon da eta animali nahiz ekoizle eta artisauek ere ondo saldu dute. Oso positibo baloratzen dugu aurtengo azoka”.
Azokak 10:00etarako zabaldu ditu ateak, eta ordutik jendea hara eta hona ibili da Plazabarripean, Zelaian nahiz Bizenta Mogel parkearen inguruan. Guztira 72 postuk osatu dute aurtengo azoka, eta denetariko produktuak ikusi, probatu nahiz erosteko aukera egon da. Horietatik 34 ekoizleenak izan dira, eta barazkiak, frutak, gazta, eztia, ogia, gozogintza, sagardoa, txerrikiak, ahatekiak, ardoa eta txakolina, besteak beste, jarri dituzte salgai. Artisauek ere izan dute euren produktuak erakusteko eta saltzeko tokia, askotariko eskulanekin. Urrutibeaskoak adierazi duenez, ekoizle eta artisau postuetan “jende asko” ibili da, eta salmenta onak eduki dituzte: “Askok azoka amaitu orduko dena saldu dute, eta postuak batu egin dituzte”.
Abereek ere, zelan ez, euren tokia eduki dute. Bizenta Mogel parkean Lea-Artibaiko eta Euskal Herriko hainbat arrazatako animaliak ikusteko aukera egon da, eta behi, idi, zaldi, pottoka, txakur nahiz hegaztiez gozatu dute bertaratu direnek. Denak ikusteaz gozatu bakarrik ez, onenak ere ikusi dituzte zenbaitek. Izan ere, 10:15ean hasi dute euren lana epaileek, eta abererik onenak nahiz ortuari eta fruta erakusmahai onenak aukeratu dituzte. 13:15 inguruan hasi dira animalien sariak banatzen; “maila ona” egon da aurtengo lehiaketan, eta erakustaldi ederra eskaini dute aurtengo abeltzain eta euren abereek.
Lea-Artibaiko abereen lehiaketako irabazleak:
- Limusinak:
- Limusin behirik onena: Marcelino Egurrola Bilbatua.
- 12 hilabetetik gorako limusin idisko onena: Marcelino Egurrola Bibatua.
- Pirenaikak:
- Pirenaika behi onena: Urko Pagoaga Leturiondo.
- 12 hilabetetik gorako pirenaika idisko onena: Juan Luis Irazola
- Asturianak:
- Asturiana behi onena: Jesus Altzibar Aretxabaleta.
- 12 hilabetetik gorako asturiana idisko onena: Jon Zubikarai.
- Mestizoak:
- Mestizo behi onena: Haritz Elordi Urionabarrenetxea.
- Zaldiak:
- Lote onena: Jon Bereikua.
- Ardiak:
- Latxa ardi lote onena: Karmele Etxabe.
- Sasi ardi lote onena: Aitor Arostegi.
Erakusmahaietako sariak:
- Fruta eta ortuarien mahairik onena: Alejandro Arrieta – Xemeingain.
- Fruta eta ortuarien bigarren mahairik onena: Igor Lete – Iparragirreko Ortue.
Alejandro Arrieta Xemeinganeko baserritarrak aitortu duenez, “harriduraz” jaso du aurtengo fruta eta ortuarien mahairik onenaren saria: “Uste genuen Igorrek [Iparragirreko Ortue] irabaziko zuela, eta ezustean harrapatu gaitu. Hala ere, pozik jaso dugu saria”.
Ekintza ugari. Azokako postu eta lehiaketaz gain, urteroko legez, Tarine udal musika eskolako trikitilariek eta bertsolariek girotu dute eguerdia. Hori gutxi ez, eta umeen herri kirol jokoetaz nahiz ardi moztaileen erakustaldiagaz gozatzeko aukera ere egon da; begirada ugari erakarri ditu bi ekintzek.
Gainera, emakume baserritarren lana ikustarazi nahi izan dute, eta hala, Plazabarripean Nor dago honen atzean erakusketa ikusteko aukera egon da. Lea-Artibaiko emakumeak buru dituzten bederatzi nekazaritza-ustiategiren berri ematen du erakusketak, emakume nekazarien lana aitortzeko asmoz. Aurpegi ezagunak aurkitu dituzte zenbaitek, eta gustura jaso dute, beste zenbaitek, inguruko emakume baserritarren inguruko informazioa.
Aldarrikapenerako tartea ere egon da azokan: 13:00etan batu dira udaletxe aurrean eskualdeko hainbat ume eta familia eskola garraiorik gabe daudela salatzeko. Plaza bete jende, Gure haurrak eskola garraio zerbitzurik gabe lelopean elkartu dira bertan.