Besarkada erraldoian batuz
Zapatuan [urriak 10] Aniztasunaren Besarkada egunean batu ziren Ondarroan, Ekai Lersundi Martinez gogoan zutelarik. Bihar [martitzena], egitarauaren baitan, 'Garen piztiaz beste' liburua aurkeztuko dute Elene Lopetegi eta Iñi Etxezarreta.
Besarkada erraldoiarekin amaitu zuten ekitaldia. Aitz Urkiza. Ekai Lersundi Martinez gogoan, Aniztasunaren Besarkada eguna ospatu zuten zapatuan [urriak 10] Ondarroan. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “oso ondo” atera zen egitaraua, eta gainera, “ezustekoak” ere egon ziren: “Oso polita izan zen zapatuko eguna; emozioz betetakoa”.
12:00etan eman zioten hasiera, Euskal Herriko Batukada Feministaren kalejiragaz, Etxelilatik Itsasaureraino: “Bertan Euskal Herriko hainbat txokotako 60 emakume batu ginen”. Ondoren, behin Itsasaurrera helduta, hasiera eman zioten ekitaldiari: “Lehenengo aurreskua egin zuten dantzariek, eta gero, oihal akrobazien erakustaldia egin zuten. Ondoren, urtero legez, irakurketa bat egin zuten gazte batzuek. Aurtengoa, gainera, berezia izan zen, ze, Ekai Lersundiren amak, Ana Martinezek, idatzitako testua irakurri zuten. Bertan, semearen prozesua kontatu zuen, eta bertan geunden guztiok eragin zigun irakurritakoak”. Nerea Gartziak gidatu zuen ekitaldia, eta negar eta barre tarteko, betiko besarkada espiralagaz amaitu zuten. “Arratsaldean Albina Stardust eta Divina Comediak Drag showa eskaini zuten, “adin guztietako jendea zegoen, eta parte hartze handia egon zen”.
Egitarauari amaiera emateko, bihar [urriak 13] Garen piztiaz beste. Hitz egin liteke euskal transfeminismoaz? liburua aurkeztuko dute Iñi Etxezarreta Toca eta Elene Lopetegi Oleak, 18:00etan, Kofradia Zaharrean.