Martxan da Iñigo Andonegi argazki lehiaketa
Azaroaren 8a izango da lanak aurkezteko azkenengo eguna. Saridunen argazkiek Mutrikuko Udalaren 2027ko egutegia osatuko dute.
Mutrikuko Udalak Iñigo Andonegi argazki lehiaketa jarri du martxan beste urtebetez, eta ohi bezala, argazki irabazleak 2027ko egutegirako izango dira. Lanak aurkezteko azkenengo eguna azaroaren 8a izango da, eta edozein mutrikuarrek hartu dezake parte. Bestalde, Mutrikuko altxorrak izango da argazki lehiaketako gaia; besteak beste, ondarea, natura, pertsonak, animaliak, paisaia eta ohiturak bezalako azpigaiei helduz.
Udaletik jakinarazi dutenez, parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu, eta guztiak originalak izan beharko dira; hau da, ezin izango da beste pertsona baten argazkirik aurkeztu ezta beste lan original baten elementurik gehitu. Bestalde, argazkiak formatu digitalean aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek Mutrikuko Udaleko webgunean dagoen estekan.
Udalak aukeratutako bi adituk eta udaleko ordezkari batek osatuko dute epaimahaia, eta abenduaren 18ko Kultur galan emango dute jakitera epaia. Hamabi argazki aukeratuko ditu epaimahaiak eta bakoitzak 90 euroko saria jasoko du. Horrez gain, herritarren saria ere egongo da: “Erakusketa bat prestatuko da eta bertan bozka bidez argazki bat aukeratuko dute herritarrek. Argazki hori egutegiaren azala izango da eta sarituak 90 euroko bonua jasoko du Bertan Elkarteko dendetan erabiltzeko”. Hala ere, erakusketan 70 argazki sartuko dira gehienez, beraz, aipatutako kopurua baino argazki gehiago aurkeztuz gero, epaimahaiak egingo du aukeraketa, eta argazki batzuk ez dira erakusketan jarriko.
Lehiaketan parte hartzeko zenbait arau onartu beharko direla azpimarratu dute udaletik: udalak eskubidea izango du argazkiak argitaratzeko edota helburu komertzialik gabe erakusteko; epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da; argazkiren batek indarrean dagoen araudia urratzen badu, lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea izango dute antolatzaileek; eta jasotako datuak konfidentzialak izango dira.