Mutrikuko Udalak eta Klik Mutrikuk Musika Eskolako teilatuan instalazio fotovoltaikoa jartzeko hitzarmena sinatu dute
Mutrikuko Udalak Musika Eskolako teilatua utzi dio Klik Mutriku taldeari, 25 urterako. Eskolako teilatuaninstalazio fotovoltaikoak jarriko dituzte.
Klik Mutrikuk eta Mutrikuko Udalak hitzarmena sinatu dute. Mutrikuko Udala. Mutrikuko Udalak eta Mutriku Klik energia komunitateak hitzarmena sinatu dute, udalerriko Musika Eskolako teilatuan instalazio fotovoltaikoa jartzeko. Sinatutako hitzarmenaren arabera, udalak 25 urterako lagapena izango da, beste bost urte luzatzeko aukerarekin. “Proiektuaren helburuak energia berriztagarria sortzea eta tokiko autokontsumo partekatua sustatzea dira. Hain zuzen ere, indarrean dagoen araudiaren arabera, kontsumo puntuak energia sortzen den instalaziotik gehienez ere bost kilometrora egon behar dira eta, ondorioz, Mutrikuko herritar guztiek instalazioan sortutako energia erabiltzeko aukera izango dute”.
Guztira 40 modulu fotovoltaiko jarriko dira teilatuan, eta instalazioak 23,4 kWp-ko potentzia izango du. Hala ere, azaldu dutenez, instalazioak sortutako energia kontsumitzaileen artean banatuko da, kontsumitzaile nagusiak Klik Mutrikuko bazkideak izanik, baita Mutrikuko Udala ere. 40 etxebizitza inguru hornitzea aurreikusten dute Klik Mutrikutik: “Jada esleituta daude plazak, 2025eko abenduan egindako bazkidetza kanpainaren bitartez. Proiektuak, gainera, udaleko gizarte zerbitzuekin elkarlanean, pobrezia energetikoari aurre egiteko asmoz, egoera zaurgarrian dauden erabiltzaileentzako hainbat plaza gordeko ditu”.
Aipatutako proiektua aurrera eramateko, Klik Mutrikuk Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren dirulaguntza jaso du: “Laguntza horri esker, proiektuaren kostuaren %75 finantzatu ahal izango da”. Gainera, taldea etorkizuneko instalazio berriak garatzeko teilatu eta kokaleku berrien bila dabilela zehaztu du udalak: “Etxebizitza eta pabiloi pribatuetan hainbat aukera aztertzen ari dira, eta komunitatearen asmoa da datorren urteari begira hirugarren instalazio bat egiteko kokaleku egokia aurkitzea”. Sinatu berri duten hitzarmenari dagokion proiektua Mutriku Klik komunitatearen bigarrena izango da. Lehenengo instalazioa ikastolako jolastokian egin zuten, eta aurreikusten dute, urte amaierarako bertan sortutako energia autokontsumitzen hasiko direla”.
Klik Mutrikuk ateak irekita ditu herritarrentzat: kooperatibako partaide, bazkide zein laguntzaile gisa: “Klik energia berriztagarrien komunitatea 15 bat herritarren eskutik sortu zen, udalak bultzatutako parte hartze prozesuaren ostean. Dena den, une oro eskaintzen dute elkartearen parte izateko aukera“. Bide horretatik, bi erakundeek “energia eredu jasangarriago, deszentralizatuago eta herritarren parte hartzean oinarrituago” baten aldeko konpromisoan berretsi dute.