Ondarroako pentsiodunek borrokan jarraituko dute Bizkaibus zerbitzua hobetzeko
Bizkaiko Foru Aldundiak ez die "inolako irtenbiderik" eman pentsiodunei; beraz, Usansoloko Ospitalera eta Bilbora zuzeneko autobusa lortzeko mobilizazioekin eta eskerekin jarraituko dutela azpimarratu dute.
Alamedan batzen dira pentsiodunak astelehenero. Ondarroako pentsiodunak. Ondarroako pentsiodunek asteroko hitzorduagaz jarraitzen dute astelehenetan, eta atzo [urriak 12] ere, Alamedan batu ziren pentsio duinak ez ezik, Bizkaibus zerbitzua hobetzeko eskatzeko. Izan ere, eskaera, mozio eta sinadura bilketa egin ondoren, irailaren 29an Antonio Jairaces Salazar Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Zuzendari Nagusiagaz batu ziren pentsiodunak, egoera azaldu eta garraio zerbitzuari buruzko eskaerak helarazteko: “Usansoloko Ospitalera eta Bilbora zuzeneko autobus zerbitzua lortzea da gure helburua. Ondarrutarrok ere gainerako bizkaitarrek besteko eskubideak ditugu garraio zerbitzu duin bat edukitzeko. Beraz, batez ere, zuzenekoak eskatzen ditugu Usansoloko Ospitalera joateko, autobusak herriz herri egiten dituen geldiune guztiekin ia ordu bat eta erdi egiten du eta”.
Hala, Aldundiak emandako erantzun “eza” kontuan hartuta, eskaera eta mobilizazioekin aurrera jarraituko dutela zehaztu dute: “Bileran hainbat azalpen eman eta jaso ondoren pentsiodunok aukerarik ez genuen ikusi gure eskaerak aurrera ateratzeko. Arduradun politikoek euren arrazoiak eman zituzten, suposatzen duen kostua batez ere. Irtenbiderik eman ez zigutenez, mobilizazioekin eta eskaerekin aurrera jarraituko dugula azpimarratu genien”.
2024an hasi ziren Bizkaibus zerbitzua hobetzeko sinadurak jasotzen, ondarrutarren premiak “erdigunean” jarrita. 3.141 sinadura jaso ostean, urte hartako apirilaren 3an Ondarroako Udalak aho batez onartu zuen mozioa Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunei bideratu zien pentsiodunek. Hala ere, 2026ra arte ez zuten “inolako erantzunik” jaso: “Maiatzean jaso genuen erantzunak ez zituen kontuan hartzen gure eskaerak. Beraz, arduradunekin bilera eskatu genuen Ondarroako Alamedako Pentsiodunen izenean, gure herriko mugikortasuna hobetzeko egindako proposamenen gainean aurrez aurre berba egiteko”.
Irailaren amaierako bileratik “irtenbide barik” atera ostean, borrokan jarraituko dute pentsiodunek. Gainera, nabarmendu dute, Bizkaibus zerbitzua hobetzea ez dela soilik pentsiodunentzat, “herritar guztiarentzat” baizik: “Beraz, ardura ere guztiona dela pentsatzen dugu”. Horregatik, atzo [urriak 12], Alamedan batu ziren berriro, eta borrokan jarraituko dute euren eskaerak kontutan hartu arte: “Dei egiten diegu herritar guztiei astelehenetan Alamedara bertaratzeko”.