'15 minutuko hiria' kontzeptua izango dute hizketagai Zientziaren Giltzak Elkarteko hitzaldian
Zientzia Giltzak Elkartearen hileroko hitzardia izango da, urriaren 19an [astelehena], 18:30ean, Kofradia Zaharrean.
Zientziaren Giltzak Elkarteak 15 minutuko hiria kontzeptuari buruzko hitzaldia antolatu du hilabete honetarako, Nagore Pereira Toña arkitektoaren eskutik. Hizlariak hirigintza jasangarriagoa sustatzeko ereduaren oinarriak eta aukerak azalduko ditu urriaren 19an [astelehena], 18:30ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean.
15 minutuko hiria kontzeptua hiri plangintzako eredua da, herritarrek eguneroko beharrak asetzeko zerbitzu nagusiak etxetik gehienez 15 minutura izatea proposatzen duena, batez ere oinez edo bizikletaz. Horretarako, etxebizitzak, merkataritza, hezkuntza, osasuna, lana, kultura, aisialdia eta berdeguneak elkarrengandik gertu kokatzea planteatzen du kontzeptuak.
Hala, hitzaldian, eredu horrek mugikortasunean eta espazio publikoaren antolaketan dituen ondorioak aztertuko dira. Izan ere, oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari protagonismo handiagoa ematea eta herritarren arteko harremanak sustatzeko espazioak sortzea proposatzen du. Horrez gain, herritarren bizi kalitatea hobetzea eta kutsadura, CO2 emisioak eta energia kontsumoa murriztea du helburu, “hiri jasangarriagoa sustatuz”.
Kontzeptuak ez du literalki dena 15 minutura egon behar denik esan nahi, auzo bakoitzak erabilera eta zerbitzu anitz eta hurbilak izan behar dituela esan nahi du. “Azken batean, autoan eta joan etorrietan oinarritutako hiritik hurbiltasunean, irisgarritasunean, jasangarritasunean eta pertsonengan oinarritutako hirira igarotzea da helburua”, zehaztu dute antolatzaileek.
Hizlaria. Nagore Pereira Toña arkitektoa da, eta Donostiako Goi Mailako Arkitektura Eskolan ikasi zuen lehenengo. Ondoren, eta Bordeleko École d’Architecture et de Paysage eskolan hirigintza eta lurralde-ikasketak egin zituen. Etxebizitza Publikoaren Masterra ere egin zuen, eta etxebizitza-proiektuetan zein hiri-garapeneko lanetan aritu da.
Bere ibilbidean, Bilboko AGVAR, Aguilar y Varona Arquitectos SLP enpresan etxebizitza-proiektuak diseinatzen eta garatzen aritu zen, eta Jaureguizar Promoción y Gestión Inmobiliaria enpresan Zorrozaurreko lursailen garapenean parte hartu zuen. Gaur egun, Bilboko Qerqus Senda Berria taldean azterlan-teknikari gisa lan egiten du; hain zuzen ere, hirugarren sektoreko eraikinak aztertu, balorazio teknikoa zein ekonomikoa egin eta obren planifikazioak egiten ditu.