Euskal garagardo artisauak izango dira protagonista Mutrikuko Merkatu Txikian
Garagardo artisauen eta bertoko ekoizleen plaza izango da zapatuan [urriak 17] Mutriku. Horrez gain, Mutrikuko Gaztetxeak ere postua jarriko du.
Herriko ekoizle eta euskal garagardo artisauak izango dira protagonista zapatuko [urriak 17] Mutrikuko Beheko Plazan egingo den Merkatu Txikian. 10:00etatik 14:00etara bitartean egongo dira postuak plazan, eta aipatutakoez gain, Mutrikuko Gaztetxeak ere berea jarriko du, baita Amesgile argitaletxeak ere. “Ekimenak tokiko ekoizleak eta artisauak bilduko ditu, herriko merkataritza, tokiko produktuak eta giro ona sustatzeko asmoz”, azaldu dute udaletik.
Oktoberfest jaialdiari keinu bat egiteko asmoz, Euskal Herrian ekoitzitako garagardo artisauak dastatzeko aukera egongo da zapatuan, garagardo bakoitza euro baten truke. Horretarako, Basabe garagardo artisauen elkartea egongo da bertan, bertaratzen direnei hainbat garagardo mota dastatzeko aukera eskainiz.
Bestalde, herriko ekoizle eta artisauek ere parte hartuko dute merkatuan, beren produktuak herritarrei erakutsiz: Amaia Aberasturi, Ekoalboraz, Goienetxe, Lurdes Leon, Mikkota Art, Rosi Satur, Mutrikuko Gaztetxea, Watx eta Zortziko. “Herritarrak eta bisitariak gonbidatu nahi ditugu Merkatu Txiki berezi honetan parte hartzera, tokiko ekoizpena eta artisautza ezagutzeko, artisau garagardoak dastatzeko eta zapatu goiza giro onean igarotzeko”.
Gaztetxeak, 25 urte. Mutrikuko Gazte Asanbladak ere postua jarriko du zapatuko merkatuan. Bertan, azaroaren 21ean ospatuko duten 25. urteurren jaialdirako sarrerak egongo dira eskuragarri, baita gaztetxeko jertse eta kamisetak ere. Horrez gain, Balira irakurle taldeak jasotako liburuak erosteko aukera ere egongo da. “Urteurrenaren berri eman, asanbladaren jarduna herriratu eta proposamenak jasotzeko ere egongo gara bertan. Gerturatu!”.