Kepa Junkera omenduko dute zestalariek Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan
Zapatuan [urriak 17] egingo dute omenaldia, 12:00etan, Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan.
Kepa Junkera musikariak Markina-Xemeingo pilotalekuagaz eta zesta puntagaz daukan lotura aprobetxatuta, omenaldia egingo diote zapatuan [urriak 17], 12:00etan, Uni pilotalekuan.
Omenaldia zesta puntako partidagaz hasiko da, Bizkaiko zesta punta txapelketarako puntuagarria izango dena : Txomin eta Oinaz bikotea Txanton eta Krimenen aurka. Gainera, hitzordua girotzeko trikiti eta pandero joleak ere egongo dira, baita dantzariak ere. Bestalde, Xabier Amuriza ere bertan egongo da, Kepa Junkeragaz batera egindako abestiak kantatzen.
Ekimenari amaiera emateko, norgehiagoka jokatuko duten pilotarientzat sariak egongo dira, eta Juan Mari Bengoa eta Tomas Goiogana arduratuko dira banaketaz: “Urrezko garaiko pilotarien ordezkariek, belaunaldi berriei banatuko dizkiete sariak”. Ondoren, Katxin Uriarte, Txikito Bolibar eta Jose Angel Uberuaga Ubek Junkeraren omenezko tantoa egingo dute. Horrez gain, protagonistak Ubek egindako eskultura eramango du opari, “Jolasa eta bera aurrera eramaten den espazioa, frontoia, interpretatzen dituen eskultura”.