Rap hotsez beteko dute Portuko Ranpa
ØDEI eta La Furiaren kontzertuekin hasiko dute bihar [urriak 16] #sareartin kontzertu zikloaren ikasturte berria.
Portuko Ranpako #sareartin kontzertu zikloaren denboraldi berriari hasiera emateko, ØDEI Odei Barroso Gomila rapero eta musikaria eta La Furia taldeko kideak gonbidatu dituzte. Bihar [urriak 16], 22:00etan ekingo diote ikasturte berriari, rap eta musika urbanoa oinarri hartuta.
Jendea gogoz dagoela uste dute antolatzaileek; izan ere, aurretiazko sarreren salmenta ondo joan da: «Giro ederra egongo da. Jendeak badauka gogoa. Batzuek esperientzia bizitzeko erosten dute sarrera». Horrenbestez, kultura kontsumitzearen garrantzia azpimarratzearekin batera, gaurko kontzertuez gozatzera hurbiltzeko gonbidapena luzatu dute. Sarrerak aurretiaz Anaitan erosi ahal dira, 10 eurotan, eta bihar leihatilan 12 eurotan salduko dituzte.
Zikloaren arduradunek azaldu dutenez, udaberrian «inflexio puntua» eduki zuten; izan ere, antolakuntzako kide bat zendu zen: «Maiatza bueltan gutariko bat hil zen, eta proiektua bertan behera laga edo ez erabakitzen egon ginen». Aurrera jarraitzeko hautua egin zuten, eta ikasturtean zehar hilabetero behintzat kontzertu bat antolatzeko konpromisoa hartu zuten.
Orokorrean, Euskal Herriko taldeek eta bereziki, Ondarroako eta eskualdekoek lekua edukitzea da antolakuntzaren lehentasuna. Era berean, oholtza gainean emakumeen presentzia ere bermatu nahi dute: «Generoa errespetatzen ahaleginduko gara, sinisten dugulako emakumeek euren presentzia eduki behar dutela oholtza gainean». Gainera, estilo aldetik ere ziklo aberatsa izatea da euren asmoa; Portuko Ranpa askotariko estiloen plaza izatea dute helburu, eta bide horretan dator gaurko proposamena ere: «Normalean hemen entzun izan ez den estilo baten aldeko apustua egin dugu». Talde handien zein txikien, ezagunen zein hasiberrien txokoa da #sareartin.
Euskal Herriko musika panoraman izena hartu duen zikloa da Ondarroakoa, eta ikusleen erantzun ona ez ezik, nabarmentzekoa da bertan egon nahi duten taldeen zerrenda: «Hilabetean kontzertu bakarra antolatzen dugu, eta ehundik gora talde hemen jotzeko zain ditugu. Erantzuna oso ona da bai publikoaren aldetik, bai artisten aldetik». Portuko Ranpa toki maitatua da askorentzat, eta #sareartin zikloak ere maitasuna jasotzen segitzen du urtez urte.