'Zazpi jauziz, herri bat' ekimena antolatu du Gure Eskuk Ondarroan
Domekan [urriak 18] Ondarroako herriko frontoian batuko dira, zazpi jauzi dantzatu eta "nazio jauzia" aldarrikatzeko.
Nazio gisa “jauzi bat egiteko” helburuagaz, Zazpi jauziz, herri bat ekimena antolatu du Gure Eskuk. Hala, Euskal Herriko zenbait herritan bezala, Ondarroan ere zazpi jauzi dantzatzera gonbidatu dituzte herritarrak. Domekan [urriak 18] batuko dira herriko frontoian, Euskal Herriaren “etorkizuneko jauzia” dantzatzeko.
Ekimenaren bitartez Euskal Herriak nazio gisa jauzi bat egin behar duela aldarrikatu nahi du Gure Eskuk: “Zazpi jauzi, zazpi herrialde; jauzia bera mugimendua da”.
Bestalde, urriaren 25ean Bilboko Arriaga Plazara joateko deia egin dute, 12:00etan: “Bertan Gure Eskuren adierazpena irakurriko dugu. Momentu berdinean zazpi hiriburuetan egingo dugu ekimen berdina urriaren 25ean”.