Antzar jokoa: lekeitiarra, bai ala ez?
Euskal Zine Bileran estreinatuko duten Antzarra zerumugan dokumentalak Lekeitioko antzar jokoa bakarra den ala ez hausnartzera behartuko ditu ikusleak.
Gazteak Antzar Egunerako potinak prestatzen azaltzen dira dokumentalean.Traola Produkzioak Aste honetan Euskal Zine Bileran bete-betean sartuta dago Lekeitioko herria, eta jaialdiaren barruan, sail ofizialeko film laburrez gain, bestelako ikus-entzunezkoak ikusteko aukera ere egongo da. Horien artean egongo da Antzarra zerumugan dokumentala ere. Xabier Villalba Badiolaren lana izango da astea biribildu eta jaialdiari amaiera emango diona etzi, 19:00etan. Dokumentalak Lekeitiok bere-berea duen gai bat jorratzen du, jaietan urtero egiten den antzar jokoa.
Herriaren bereizgarri den joko hori ezaguna da Euskal Herri osoan, baina inor gutxik daki haren historia eta gaurkotasuna ere. Eta dokumental honetan lekeitiar askok esperoko ez dituzten kontu asko lantzen dira. Villalbak dio lekeitiar askok pentsatuko dutela antzar jokoa ikusiko dutela pantailan, eta “Lekeitio gora eta Lekeitio behera” izango dela kontakizuna: “Lekeitioko antzar jokoa bai ikusten da, altxada eta guzti, baina ikusiko dute baita ere, Lekeitioko antzar jokoaren 400 urteko historia, antzar jokoak beste herri batzuetan izan duen historia eta bilakaera…, eta hortik helduko gara gaur eguneko Antzar Egunera”.
Batetik, alde historikoa kontatzen du dokumentalean, Lekeitioko antzar jokoari dagokion lehenengo erreferentzia markatzen du. Ez zen uretan egiten zen jokoa, eta dokumentu zaharrenak erakusten eta azaltzen dira. Hortik tiraka, publikoari ezezagunak zaizkion hainbat ebidentzia eta gertakari kontatuko dira: “Jokoa non egiten zen eta nondik etorri ahal izan zen galderak sorraraziko dizkio ikusleari”. Izan ere, antzar jokoak Lekeitiotik haratagoko historia zabala dauka. Iraganean Europan izan zuen presentzia oso gutxi aztertu da, eta dokumentalak historia misteriotsu horren azterketa bat egitea lortzen du, gaur egun oraindik ere praktikatzen diren antzar jokoak erakutsiz, Belgikan eta Toledon, besteak beste.

Aitor Iturbek bere dokumentazio lana dokumentalean azaltzen du.Traola Produkzioak
Alde historikoaz gain, azken 50 urteetan jaiak izan duen bilakaera ere aztertzen du lanak. Azken 50 urteetan emakumeak jokoan eduki duen presentzia bistaratzen du eta baita benetako antzarretatik polimerozko antzarra erabiltzera pasatzeko eboluzioa ere: “Lekeition antzarra ez zen panpin edo pilota bategaz ordezkatu, antzar naturalaren ahalik eta itxura handiena duen antzar batek ordezkatzea lortu da, animalia erabiltzea saihestuta”. Alde etnografikoa ere lantzen du dokumentalak, Lekeition “nola sortu den identitario eta nola herria kanpoan antzar jokoagatik ezagutzera ematera heldu den, Iruñea San Ferminengatik ezagutzera eman izan den bezala”.
Villalbak denbora zeraman antzar jokoari buruzko dokumentala egiteko ideiagaz buruan, eta duela bi urte, Donostiako Zinemaldian Zortzitik Infinitura dokumentala aurkeztu ondoren, motibazioa piztu zitzaion: “Ni Antzar Batzordean sartuta nagoenez, asko motibatzen ninduen gaia zen, eta Zinemalditik itzultzerakoan, buruan bueltaka genuen dokumentala prestatzen hasteko asmoa. Eta Lekeitioren 700. urteurreneko bideoklipa egin ondoren, gidoiagaz martxan hasi ginen”.
Lehenengo grabaketa ez zuten, ordea, Lekeition egin, Belgikako Zandvliet herriraino joan ziren bertako antzar jokoa grabatzera. “Belgikan ospatzen dira otsailaren 2an, joango gara bertara autoagaz? Eta han joan ginen, hamalau ordu eta erdi gidatuz. Oso nekatuta amaitu genuen. Ez da erraza, ez dakizu hizkuntza, ez dakizu zer aurkituko duzun, baina ondo atera zen. Abiapuntu bat jarri zuen dokumentalagaz aurrera egiteko”, gogoratu du.
Ez da gure jaia, baina geurea egin dugu. Eta geurea egin dugu garaietara naturaltasunez egokituz.
Zailtasunen gainetik, pozik. Zailtasun askori aurre egin behar izan diote proiektua burutzeko. Etenaldiak egon dira ekoizpenean, beste proiektu batzuen ekoizpena eta lantaldeko aldaketak tarteko, eta gutxinaka ekoitzi den lana izan da. Gidoiak jasan dituen aldaketak ere nabarmenak izan dira: “Oso zaila da antzar jokoa aztertzea, ez dakigu noiz sortu zen, non sortu zen… Hasten zara aurkikuntzei tiraka eta beste leku batzuetatik beste informazio pila bat lortzen duzu, hemendik ez, hortik bai… bizirik egon den dokumentala izan da bere ekoizpenean”. Zailtasunik handiena, ordea, off ahotsik ez erabiltzeko hautua izan da Villalbaren hitzetan. Hala, “elkarrizketen arteko konexioa sortzeak” burukominak eman dizkiola aitortu du.
Baina oztopoak oztopo, gustura dago emaitzagaz: “Izan ditudan orain arteko feedback-ak onak izan dira. Parte hartu dutenek, elkarrizketatuek, Antzar Batzordeak…, ikusi duten guztiek esaten dute oso ondo konektatuta eta kontatuta dagoela”.
Lekeitiar askok dituzten sinesmenak desmuntatuko dituela uste du Villalbak. Antzar Eguna odolean daramaten egun berezi bat bada ere, hari buruz gehiegi ez dakitela egiaztatu zuen: “Eskolape aretoan dokumentaletik lortutako dokumentu eta argazkien erakusketa bat egin genuen, eta bertaratutakoei jaiari buruzko inkesta bat egiterakoan konturatu ginen ezer gutxi zekitela honi buruz”.
Herritarrak jakin-minez. Ezjakintasunagatik edo kuriositateagatik, jendeari jakin-mina sortu dion proiektua da, eta gaiari buruz atera den lehen dokumentala izateak ere eragiten du ikusmina. “Trailerra argitaratu nuenetik, azken bi asteetan jendearen interesa jaso dut, bai. Kaletik galdetu didate noiz eta non emango den, ‘Hori noiz da? Eta noiz erosi behar dira sarrerak?’ galdetuz; sare sozialetan ere Instagrametik eta WhatsAppetik idatzi didanik ere bada”.
Proiekziorako sarrerak atzo jarri ziren salmentan Ikusgarri aretoko lehiatilan, Zine Bilerako film laburren proiekzio orduetan, eta hogei minututan agortu ziren denak.