Martxan da Lea Ibarreko egutegirako irudi lehiaketa
Azaroaren 1era arte egongo da argazkiak eta marrazkiak bidaltzeko aukera. "Herri txikiak bizirik" izango da irudien jarraitu beharreko gaia.
Ohiko bihurtu den Herri txikiak bizirik lelopean abiatu dute Lea Ibarreko egutegia osatzeko irudi lehiaketa. Herritarrek argazki, marrazki edo ordenagailuz egindako konposaketak aurkezteko aukera izango dute, euren herrietako txoko berezienak eta eskualdeko paisaiak egutegian txertatuta ikusteko. Argazkiak azaroaren 1era arte bidali ahalko dira.
Argazkiek Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoa osatzen duten herrietan ateratakoak izan beharko dutela argitu du mankomunazgoak. Jendea agertzen bada, argazkilariak baimenak aurkeztu beharko ditu, eta inoiz aurkeztu ez diren lanak izan beharko dute. Gehienez lau lan aurkeztu ahalko ditu pertsona bakoitzak, eta aurkezten diren irudi edo argazki guztiak Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoaren esku geratuko dira bere erabilerarako.
Lan guztiak izenburu bategaz aurkeztu beharko dira. Non atera den zehaztu eta posta elektronikoz bidali beharko da egilearen izen eta abizenegaz batera. Horretarako, mankomunazgoa@gmail.com helbidea ahalbidetu dute. JPG formatuan aurkeztu beharko dira lanak, eta 10 Mpx-eko tamaina izan beharko dute gutxienez. Lanek, egutegiaren formatuagaz bat egiteko, horizontalak izan beharko dira. Egile bakoitzak, lau lan aurkeztu ahal baditu ere, bere lanetatik bat aukeratu beharko du ikusleen sarirako bozketan parte hartzeko.
Epaimahaiak erabakitako saridunak 250 euro jasoko ditu. Bestalde, ikusleen saria ere banatuko dute; herritarrek azaroaren 9tik 13ra izango dute euren argazki edo irudi gogokoenari botoa emateko aukera.