Geuretik sortzen segitzeko deialdiari eusten dio Udalbiltzak
“Indartsu eta berrikuntzekin” dator Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekaren laugarren aldia: “Euskarazko kultura sustatu eta askotariko proiektuen bizitza-ziklo osoa, sormenetik hasi eta gizarteratu artekoa, diruz eta azpiegituraz laguntzeko helburua duen proiektu honek indartsu hasi du laugarren edizioaren izen-emate kanpaina”. Arduradunek esan bezala, asmoa da Euskal Herri osoko sortzaileek proiektuaren berri izatea, “Euskal Herriaren luze-zabaletik datozen ideiak, sentitzeko erak eta gure historia kontatzeko moduak bildu ahal izateko”.
Izena emateko prozedura eta oinarriak jakinarazi dituzte, eta Udalbiltzaren webgunean kontsultatu daitezke. Sortzaileek azaroaren 14ra bitartean (gauerdira arte) bidali ditzakete euren proiektuak.
Izen ematea Udalbiltzaren wegunearen Geuretik Sortuak atalean egin daiteke, eta posta arruntez ere igorri daiteke izen ematea (dagozkion dokumentuekin) Udalbiltzaren Erregistrora: Doneztebe plaza 1, 20180 Oiartzun, Gipuzkoa.
Berritasuna. Beste behin ere, diziplina ezberdinetako proiektuak proposatu daitezke. Literatura, Komikigintza, Antzerkigintza eta Arte Eszenikoak dira arloak oraingo honetan. Hain zuzen ere, azkenengo hori lehenengoz sartu dute, zinemagintzaren ordez. Azaldu dutenez, Arte Eszenikoen alorrak, oholtzara eraman daitezkeen proposamen “berritzaile eta irekiagoak” bildu ahal izango ditu, antzerkigintzaren mugetatik at geratzen direnak eta hibridoak izan daitezkeenak: poesia, performancea, dantza, bertsolaritza…
Balioespen Batzordeak proiekturik egokienak aukeratuko ditu 2026.urtearen amaieran, eta proiektu bakoitzari Euskal Herriko udalerri edo udalerri multzo bat esleituko diote. Datorren urtean sortzaileek sormen-egonaldiak egingo dituzte egokitutako udalerrietan, eta bertako esperientzietatik abiatuta ipuin, komiki, antzezlan eta arte eszenikoetako piezak sortuko dituzte: “Emaitza horiek 2028ko zirkuitu nazionalean aurkeztuko dira”.
Urrian, hiru hitzordu. Sortzaileei laguntzeko asmoz eta horiek izena ematera animatu daitezen, urria amaitu bitartean zenbait saio egingo dituzte.
Aurreko aldietako sortzaile batzuekin solasaldietan elkartuko dira; egitasmoan izandako bizipenei buruz hitz egingo dute eta bertaratzen direnei edizio berriaren ezaugarriak ezagutaraziko eta azalduko dizkiete. Bihar (urriak 20) Itxaro Borda eta Miren Artetxe idazleekin bilduko dira 19:00etan, Baionako Biltxoko elkartean, eguenean (urriak 22), berriz, Aritz Ibarra eta Uxue Bereziartua komikigileekin izango da solasaldia Gasteizko Elkar dendan.
Horrez gain, urriaren 27an, Udalbiltzak webinar bat (Internet bidezko topaketa edo bilera) antolatuko du izen-emate sistema ondo azaldu eta interesdunen galderak erantzuteko. 16:00etatik aurrera izango da.