Urtza Alkorta: "700. urteurrena herritar guztion topagune izatea nahi dugu"
Ondarroako Latxanbre enparantza bete zuten atzo [urriak 18] herritarrek. Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak herritarrak eta herria zoriondu zituen.
700. urteurreneko ekitaldia ospatu zuten Ondarroan. Ondarroako Udala. 700. urteurrenari hasiera eman zioten atzo [urriak 18] ondarrutarrek Latxanbre enparantzan egindako ekitaldiagaz. 200 herritar inguru batu ziren bertan, eta Urtza Alkorta Arrizabalaga herriko alkateak herritarrak zoriontzeaz gain, urteurrena guztien topagune izatea nahi dutela azpimarratu zuen: “Urteurren hau herritar guztion topagune izatea nahi dugu. Belaunaldi ezberdinak elkartzeko aukera, gure historia elkarrekin kontatzeko eta partekatzeko momentua, eta batez ere, Ondarroareganako daukagun harrotasuna eta konpromisoa berritzeko momentua”.Ā
Udal ordezkariez gain, Lexuri Arrizabalaga euskara eta kulturako foru diputatua, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Bizkaiko foru diputatua ere bertan egon ziren. Alkortak etorkizuneko Ondarroa irudikatzeko gakoak eman zituen ekitaldian: “Zelako Ondarroa nahi dugu datozen urteetako? Nolako herria utzi nahi dugu? 800. urteurrenean guregatik zer esatea gustatuko litzaiguke?”. Hala, egindako galderei erantzuten saiatu zen alkatea: “Euskal Herritik mundura zabalik dagoen Ondarroa. Euskara eta euskal kultura bultzatuko dituena, ondokoak eta ingurua zainduz. Gazteak bertan bizitzeko eta beren etorkizuna eraikitzeko aukerak edukiko dituen herria, eta adinekoen esperientzia eta ezagutze aitortu eta presente izango duen herria. Pertsona guztiek euren lekua edukiko duten herria, eta inor atzean utziko ez duena. Ondarroan jaio edo ez, Ondarroa denon artean egiten jarraitzen dugulako, zuek ere historia egiten zaudete, gaur egiten duguna izango delako biharko historia. Ordura arte jarraitu dezagun elkarrekin bidea egiten, iragana akorduan, oraina biziz eta etorkizuna eraikiz. Zorionak Ondarroa 700. urteurrenagatik, eta zorionak benetan ondarrutar guztiei, herri honen parte izateagatik eta herria egiteagatik. Datozen urte askotan ere, gure aurrekoek erakuts bezala, segi daigun herria eraikitzen eta datorrenari aurre egiten. Aurrera Ondarroa, eta eskerrik asko guztioi”.Ā
Iban Bengoetxea kazetariak aurkeztu zuen ekitaldia, eta berak eman zituen 700. urteurrena ospatzeko zertzeladak; izan ere, bi norabidetan banatuko dira ekintzak. Batetik, urteroko ekintzak egongo dira, urteurreneko ukituarekin, eta beste aldetik, ospakizunerako antolatutako ekitaldiak egongo dira. Hala, 700. urteurrenerako esplizituki antolatutako ekitaldi batzuen berri eman zuen Bengoetxeak. Besteak beste, azaroaren 2an 700. urteurreneko murala margotzen hasiko da Nextor OtaƱo Nexgraff artista gipuzkoarra, KamiƱazpi 17ko horman. Horrez gain, San Ignazio egunaren bueltan, Batelero Eguna ere ospatuko dute, Euskal Batelero Elkartearen eskutik. Asteburu osoko jaia izango da eta bazkari, omenaldi, kontzertu eta dzinga txapelketa artean ospatuko dute festa ondarrutarrek. Hitzaldi zikloak ere egongo dira, eta Ondarroako gai ezberdinak jorratuko dira horietan. Bi urtekari ere argitaratuko dira: horietako bat, Ondarroako Historia Zaleak Elkartearen izenean argitaratuko da, beren etapari amaiera emanez. Bestea, IƱaki Beitiak Ondarroak duela 100 urte irabazitako Kontxako banderari buruzkoa izango da. “Ekimen gehiago egingo dira, eta adibidez, Paule ToƱa eduki sortzaile ondarrutarrak bideoak argitaratuko ditu hilabetero, herria erakusteko. Planak proposatuko ditu bideoetan”.
Garazi Etxaburu herritar dantzariak ere parte hartu zuen ekitaldian, baita Nerea Gartziak eta Aiora Poncek ere. Bi hauek urteurreneko abestiaren bideoklipa egingo dutela azaldu zuten: Leire Bilbaok idatziko ditu hitzak, eta Keu Agirretxea arduratuk da musikaz. Horrez gain, Axular Arizmendi eta Jon Badik biribilduko dute kantua. Lara LarraƱaga ere igo zen oholtzara, eta urteurrena ordezkatuko duen logoa berak egin duenez, logoaren nondik norakoak azaldu zituen.Ā