Eguraldiak lagundu ez arren, "gustura" ibili dira Mutrikuko Merkatu Txikian
Zapatuan [urriak 17] garagardo artisauen eta bertoko ekoizleen plaza bihurtu zen Mutrikuko Beheko Plaza.
Mutrikuko Merkatu Txikian batu ziren zapatuan herritarrak. Mutrikuko Udala. Oktoberfest jaialdiari keinu bat egitea asmo, euskal garagardo artisauak izan ziren protagonista zapatuko [urriak 17] Mutrikuko Merkatu Txikian. Horrez gain, herriko ekoizleek ere beren produktuak erakutsi eta saltzeko aukera izan zuten. Antolatzaileen hitzetan eguraldi txarrak lagundu ez bazuen ere, “gustura” egon ziren ekoizleak: “Eguraldi txarra egin zuen eta denetarik egon zen. Batzuek salmenta onak eduki zituzten, eta beste batzuek ez hain onak. Garagardo ekoizleek azaldu dutenez, lagun talde batzuk bertaratu ziren garagardoa dastatzera, eta gustura egon ziren”. Bestalde, Mutrikuko Gazte Asanbladak ere postua jarri zuen, eta 25. urteurren jaialdirako sarrerak saltzeaz gain, gaztetxeko jertse eta kamisetan ere jarri zituzten postuan salgai, baita Balira irakurle taldeak jasotako liburuak ere.