Eskaintza betea dakar udazkeneko bertso barnetegiak
Azaroaren 6an eta 7an Muxikan, Gorozikako Barnetegian elkartuko dira bertsolari gaztetxoak. Udazkeneko Plana bertso barnetegian parte hartzeko asmoa daukatenek urriaren 25a bitartean izena eman behar dute Bizkaiko Bertsozale Elkartearen webgunean. Bertan dagoen galdetegia bete behar da, eta leku mugatuak daudenez, izen-ematearen ordena, eskualdeen arteko oreka, adina eta generoa kontuan hartuta osatuko dute parte hartzaileen zerrenda.
Egonaldia 2008-2011 urteen artean jaiotako gazteei zuzenduta dago. Hain zuzen ere, bertso-eskoletako gazteen arteko harremanak sendotzea izaten da elkartearen helburuetako bat eta, oraingoan ere, helburu horrekin elkartuko direla adierazi dute: “Elkarrekin egoteko eta ikasteko aukera izango dugu”. Era berean, gogoratu dute Udazkeneko Plana bertsolari gazteen taldekako BBK sariketarekin lotuta dagoela.
Azaroaren 6an, 17:30ean batuko dira Gorozikan, eta biharamunean Gernika-Lumon amaituko dute egonaldia. Bertan, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekora joango dira. Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola, Joanes Illarregi Marzol, Aitor Mendiluze Gonzalez, Aitor Bizkarra Ruiz eta Agin Laburu Rezola bertsolariek lehiatuko dute 17:00etatik aurrera, Lizeo Antzokian. Hain zuzen ere, parte hartzaileek 30 euro ordaindu behar dituzte, eta prezio horretan sartuta dago finalaurreko sarreraren kostua.
Horrenbestez, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko kideek Udazkeneko Planagaz bat egitera animatu dituzte bertsozale gazteak:”Egonaldian bertso munduan sakontzeko aukera izango dugu, bertso eskoletan egiten dugun ohiko jardunetik haragoko pausoa ematekoa. Egun ederra antolatu dugu elkarrekin egoteko: bertso eskola, ikastaroa, bertso-paseoa eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa”.