Euskal Herriaren "etorkizuneko jauzia" dantzatu dute Ondarroan
70 lagun inguru batu ziren domekan [urriak 18] Ondarroako herriko frontoian, nazio gisa "jauzi bat egiteko". Urriaren 25ean zazpi hiriburuetan egingo dute ekimena.
Zazpi jauziz, herri bat ekimena antolatu zuen Gure Eskuk Ondarroan.Gure Esku. Gure Eskuren ekimenez, zazpi jauzi dantzatzeko batu ziren domekan [urriak 18] Ondarroako herriko frontoian. Zazpi jauziz, herri bat ekimenaren baitan, nazio gisa “jauzi bat egiteko” helburuagaz 70 lagun inguru elkartu ziren, Euskal Herriaren “etorkizuneko jauzia” dantzatzeko.
Ekimenaren bitartez, Gure Eskuk Euskal Herriak nazio gisa jauzi bat egin behar duela aldarrikatu zuen: “Zazpi jauzi, zazpi herrialde; jauzia bera mugimendua baita”. Hala, urriaren 25ean Euskal Herriko zazpi hiriburuetan batuko dira, Ondarroan egin bezala, zazpi jauzi dantzatu eta Gure Eskuren adierazpena plazaratzeko. Bizkaitarren kasuan, Bilboko Arriaga Plazan edukiko dute hitzordua, 12:00etan.
Gure Eskuko kideak “pozik” agertu dira domekako deialdiak izandako erantzunagaz: “Adin guztietako herritarrak batu ginen; izan ere, denok gara kate bereko piezak eta denon lana da norabide honetan borrokatzea. Asko eskertzen dugu herritarren erantzuna, eta honek argi uzten du Ondarroak eta ondarrutarrek ere badakitela Euskal herriak jauzi bat behar duela bere oraina eta batez ere bere etorkizuna bermatzeko. Etorkizunaz hitz egitea garrantzitsua da, baina horretarako, eguneroko lana egin behar da, elkarrekin. Norabidea argia da. Beraz, dei egin nahi diegu euskal herritarrei domekan hiriburuetako ekimenetan parte hartzera: zazpi jauzi dantzatzen dakitenei eta ez dakitenei, guztiok biribilean jarrita plazak geureganatuko ditugu“.