Markina-Xemeingo familiek gero eta beranduago ematen diete nerabeei lehen mugikorra
Markina-Xemeingo Altzau Burue taldeak egin duen azterketak nerabeen eta telefono mugikorren arteko harremanari buruzko bilakaera argitaratu du. Elkarteak emaitzen balorazio positiboa egin du.
Altzau Burue taldeak Markina BHI eta Berakruz ikastetxeetako ikasleekin egindako azterketaren arabera, Markina-Xemeingo familiek gero eta gehiago atzeratzen dute nerabeei lehen smartphonea emateko erabakia. Azterketaren datuak kontuan hartuta, azken urteetan behera egin du mugikorra duten DBH1eko ikasleen kopuruak. Gainera, joera hori ondorengo mailetan ere nabari dela argitu du Markina-Xemeingo Altzau Burue taldeak.
DBH1eko ikasleen artean smartphonea dutenen ehunekoa %72koa zen 2023an. Urte betean beherakada nabarmena izan zen, 2024an mugikorra ikasleen %49k zutela ondorioztatu baitzuten. 2025ean ere, beheranzko joeragaz jarraitu eta datua %41era jaitsi zen. 2026ak datua nabarmen hobetu du, izan ere, smartphona duten DBH1eko ikasleen kopurua %29koa da.
Altzau Buruek ondorioztatu duenez, Markina-Xemeingo familiek hautu argi bat egin dute: “Datuok adierazten dute gero eta familia gehiagok erabakitzen dutela mugikorraren erabilera atzeratzea nerabezaroaren lehen urteetan. Fenomenoa ez da DBH1era mugatzen: smartphonearen hedapena gero eta gehiago kontzentratzen da adin handiagoko ikasleen artean”.
Nagusiagoak diren ikasleen artean ere egin dute azterketa, eta ondorengoak dira emaitzak: 2026an, DBH2ko ikasleen %64k dute smartphonea, DBH3koen %94k eta DBH4koen %100ek. Horrek argi uzten du “telefono adimenduna azkenean ikasle gehienen eskuetara iristen dela, baina lehen baino beranduago”.
Elkarteak balorazio positiboa egin du, izan ere, “gailu digitalen erabilerari buruzko gogoetak gero eta presentzia handiagoa duela familien artean”. Hori horrela, “orain arte egindako lan horretan jarraitzeko egindako hautua” berresten dute, eta datorren urtera begira ikastetxeetan ikasleentzako formazio saioak antolatu dituztela aurreratu dute.
‘Gurie erabili zeinke’. Herriko ume eta nerabeak mugikorrik gabe ere segurtasunez eta askatasunez mugitzeko helburuagaz, Altzau Burue taldeak, Markina-Xemeingo Udalak eta Hemen Be Bai merkatarien elkarteak ‘Gurie erabili zeinke’ kanpaina abiarazi zuten iaz. Umeei mugikorra erabiltzeko beharra murrizteko kanpaina da, era berean, zaintza komunitarioaren eredua sustatzeko helburuagaz sortu zutena. Honelako ekimenen bitartez, elkarteak mugikor bat izatearen beharra atzeratzeko lanean dihardu.