Pediatria zerbitzua "lehen mailako arreta behar" modura birdimentsionatzeko eskaria
LABek pediatria zerbitzuetako langileen egoera larria salatu du. Osasun Sailari Bizkai, Araba eta Gipuzkoan dituen "eskumen guztiak" hartzeko eskatu diote, Madril "aitzakia modura erabiltzeari" utziz. Gernika-Gernikaldean pediatra bi falta direla adierazi dute; Ondarroan, "denbora luzea" daramate pediatra barik.
LAB sindikatuak Osakidetzako pediatria zerbitzuko langileak pairatzen ari diren egoera makurraren berri eman du, Osakidetzari harentzako aterabidea eskatu asmoz eta osasun alorreko behargin horien lan baldintzak hobetu helburuz. Sindikatutik azaldu dutenaren arabera, azken hamarkadetako “profesional faltarik handiena” jasaten ari da Osakidetza, horrek “herritarren osasunean zein langileen ongizatean” dituen ondorio guztiekin.
Eskualdeok ez dira salbuespen testuinguru horretan: Busturialdean, Gernika-Gernikaldean, bi pediatra falta dira; Lea-Artibaiko haur zein nerabeek, ostera, “denbora luzea” daramate Ondarroan pedriatratik gabe. Egoera horrek gainontzeko profesionalen lan karga “nabarmen” hauspotzen du, haien lana behar bezala egiteko “ezintasunak, frustrazioa, ezinegona eta erru sentimena” eragiten diela azpimarratuta.
Osasun Sailak urteetan garatu dituen politikek osasun publikoaren kudeaketaren “merkantilizazioa eta ahultze progresiboa” ekarri dituztela adierazita, horrek profesionalen lan karga “onartezinak”, absentzien estaldura “eskasa”, ordezkapenik ezetik eratorritako neke profesionalaren sindromea, beren “kategoriatik haragoko erantzukizunak nahitaez beregain hartu behar izatea” edota “aurrekaririk gabeko arrisku psikosozialak” sortu ditu langileengan. Herritarrei dagokienez, beste hainbeste: “Haurren nahiz nerabeen osasunari dagozkion balioa zein arreta ukatzen ari zaizkio gizarteari”.
Halaber, sindikatutik argitu dute geroz eta “pisu adierazgarriagoa” daukatela haurren eta nerabeen “osasun mentaleko arazoek“: “Antsietateak, depresio sintomek, neurogarapeneko nahasmenduek, obesitateak eta ingurune sozial zein familiarretik eratorritako sufrimendu egoerek”. Premia horiei erantzuna emateko, “ezinbestekotzat” jo dute pediatria zerbitzuak eta lehen mailako arreta “behar bezala birdimentsionatzea“, horretarako beharrezkoa litzatekeen “profesional nahikogaz” eta haien lanaren kalitatea eta arreta “bermatuko” dituzten baliabideekin.
Argi utzi dute Osakidetza ez dela “gai” auziari eraginkortasunez erantzuna emateko, arazoa “egiturazkoa” delako: “Ez dago pediatra nahikorik, baina ezta arrisku psikosozialak behar bezala ebaluatuko eta kudeatuko dituen profesionalik ere. Dimentsionamendu ezaren, antolaketa eredu desegokiaren eta lan eskubideen babes faltaren ondorio den arazo estrukturala da, osasun sistema osoari eragiten diona”.
Osasun Sailari eskakizuna.
Egoerari konponbidea bilatzeko, LABek Osasun Sailari Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan dituen eskumen guztiak “beregain” hartzeko eskatu diote, baita Madril “aitzakia modura hartzeari uzteko” ere. Ez hori bakarrik: “Osasun Sailak 18 urtez eguneratu barik dagoen Akordio Arautzailearen negoziazioari benetako irtenbidea bilatu behar dio”.
Bestalde, osasun itunaren “instrumentalizazioa” salatu dute, lankidetza publiko-pribatua “blindatu” eta “plantillaren premiazko birdimentsionatzea saihestu” dutela azpimarratuta. Sindikatuak egungo “asistentzia beharrei” eta langileen “interesei” erantzungo dien negoziazio “kolektibo eta integral baten alde” egingo du: “Osasun sistema indartu behar dugu”. Hori lortzeko egin beharreko pausoak zeintzuk liratekeen iragarri dute: “Plantillak handitu, lan baldintzak hobetu, profesionalen ihesa geldiarazi eta pribatizazio prozesuei aurre egin”. Hau eta nerabeen osasuna “merkatu logiken menpe” ezin dela ipini eta osasun sistema publiko “sendoa eta kalitatezkoa” bermatzeko neurriak “berehala” hartu beharra dagoela azpimarratu du LABek.