LGTBIQ+ errealitateak jasotzeko saio kolektiboa egingo dute Ondarroan
Saioa urriaren 28an [eguaztena] egingo da, 18:00etan, Etxelilan.
Ondarroako LGTBIQ+ pertsonen errealitateak erdigunean jarri eta herri mailako narratiba kolektiboagoak eraikitzeko proiektua abiarazi zuten otsailean Eihera Kooperatibak eta Ondarroako Udalak. Memoria, aitortza eta erreparazioa ardatz hartuta, herrian eragina izango duen prozesua garatzea da proiektuaren helburua. Hala, hiru faseko prozesua izanik, bigarrenari ekingo diote orain. Horretarako, saio kolektibo irekia deitu dute urriaren 28rako [eguaztena], 18:00etan, Etxelilan.
Saioan parte hartzeko izena eman beharko da Ondarroako Udalak zabaldutako galdetegian: “Guretzat garrantzitsua da LGTBIQ+ pertsonen ahotsa entzutea, eman izena estekaren bitartez, eta bertan ikusiko dugu elkar!”. Bestalde, saiora joateko aukerarik ez duten pertsonentzat, beste esteka bat jarri dute eskuragarri, LGTBIQ+ pertsonen testigantzak jasotzeko.
Erakundeetatik LGTBIQ+ bizitzei aitortza egitearen garrantzia azpimarratu du Naiara Burgoa Berdintasun zinegotziak: “Orain arte udaleko Berdintasun Sailetik emakumea jarri dugu beti erdigunean. Eta, nahiz eta horretan jarraituko dugun, LGTBIQ+ kolektiboari merezi duen tokia emateko ahalegina da hau. Izan ere, garrantzitsua da erakundeetatik ere LGTBIQ+ bizitzei erreparatzea. Ondarroa herri irekia dela esan ohi bada ere, horrek ez du esan nahi askatasun osoz bizi denik sexu eta genero disidentzia. Ez da herri isolatu bat: munduaren parte da, eta oraindik pauso asko daude egiteko”.
Aipatu bezala, proiektua hiru fasetan diseinatuta dago: identifikazio fasea, gerturatze fasea eta itxiera eta itzulera fasea. Saio honekin bigarren faseari emango diote hasiera: “Lehenengo fasean, herriko eragile eta profil ezberdinekin mapa bat osatu genuen, gerturatu ahal ginen pertsonak eta kolektiboak kokatzeko”. Iñi Etxezarrera Eihera kooperatibako kideak eta Naiara Burgoa zinegotziak prozesuak duen “konfidentzialtasuna eta anonimotasuna” azpimarratu dute: “Parte hartzaileen izenak ez dira publiko egingo, eta kanpora begirako emaitzetan agertuko balira, bestelako izenekin edo baimenarekin soilik izango litzateke”.