Peru Abarka lehiaketako irabazleen aurkezpena egingo dute barikuan
Markina-Xemeingo Udaletxeko osoko aretoak hartuko du album lehiaketaren irabazleen aurkezpen ekitaldia 20:00etan, barikuan [urriak 23]. Bertan izango dira Nerea Loiola Pikaza idazlea eta Maider Leturiaga Angoitia ilustratzailea.
Gramo bat album irabazlearen aurkezpena ospatuko dute barikuan [urriak 23] 20:00etan, Markina-Xemeingo osoko aretoan. Nerea Loiola Pikaza idazlearen eta Maier Leturiaga Angoitia ilustratzailearen lanari aitortza egiteko ekitaldia izango da, hala, albumaren sorkuntza prozesuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango dute udaletxera bertaratzen diren herritarrek. Literaturari buruz gehiago sakontzeko, Imanol Epelde idazle zarauztarra batuko da mahai ingurura.
Apirilean argitaratu zuten Peru Abarka album lehiaketaren irabazlearen izena. Epaimahaiak aho batez erabaki zuen Nerea Loiolaren Gramo bat narrazioa saritzea, eta momentu horretan jarri zuen martxan antolakuntzak Loiolaren pieza ilustratuko zuen lanaren bilaketa prozesua.
Ilustratzaileek ekainaren 26ra arte izan zuten euren lanak aurkezteko aukera, eta aurkeztu ziren 6 lan proposamenen artean, Maite Gurrutxaga Otamendi ilustratzaileak, Asier Mendikute EREIN argitaletxeko diseinatzaileak eta Mari Eli Ituarte Markina-Xemeingo Udaleko Euskara eta Kultura zinegotziak osatutako epaimahaiak Maider Leturiaga Anduaga ilustratzailearen proiektua aukeratu zuen.
“Lanaren sekuentzia-proposamenarengatik eta estilo sendoa” nabarmendu ditu ilustratzaileen epaimahaiak. Istorioan zehar narrazio-tresna desberdinak erabiltzen dituela azpimarratu dute, eta kontatzeko moduen espazio eta aukerak arakatzen dituela argitu. “Interesgarria da nola batetik liburuaren formatuaz baliatzen den kontaketarako, eta, bestetik, baita liburuak objektu bezala ematen dituen aukerei ere kasu egiten dien zenbaitetan”, zehaztu dute epaimahaikideek. Azkenik, koloreei ere egin diete aipamena: “Aukeraketa bateratzailea eta testuaren tonura ondo lotzen zaiona aukeratu du ilustratzaileak, nortasun bisual irmo bati laguntzeko”.