Txanponaren bi aldeak, Lea-Artibai eta Mutrikuko puntistentzat
Erika Mugartegik eta Arai Lejardik Munduko Txapelketa irabazi dute, Espainiarekin. Maia Goikoetxea, Elaia Gogenola eta Eneritz Lizardi loriaren atarian geratu dira, Euskal Selekzioarekin. Gizonezkoen artean, Eñaut Urreistik eta Ion Ibarluzeak urrea lortu dute.
Argazkia: EEPF. Euskal Selekzioaren eta Espainiaren artean erabaki zen atzo [urriak 20] Munduko Txapelketa, Uruguain, Colonia de Sacramentoko Real de San Carlos pilotalekuan. Bi lantaldeek Lea-Artibai zein Mutrikuko ordezkaritza eduki zuten. Erika Mugartegik eta Arai Lejardik osatutako ekuazio markina-xemeindarrak maila handiko garaipena lortu zuen, Espainiaren alde. Hori bai, puntista ezagun askoen aurka neurtu behar izan zituzten indarrak. Honakoek defendatu zituzten Euskal Selekzioaren koloreak, zilarrezko domina lortuz: Maite Ortiz de Mendibil andetxarrak, Maia Goikoetxea zein Elaia Gogenola berriatuarrek eta Eneritz Lizardi mutrikuarrak.
Espainiako bikoteak pitzadurarik gabeko jokoa plazaratu zuen, zalantzei ia tarterik utzi barik. Lehen tantoetan, Ortiz de Mendibil arabarrak bere errematatzeko bertuteak erakutsiagatik ere, tanto gehienek Mugartegi eta Lejardiren aldera jo zuten jarraian: lehenak piloteo erabakigarria ezarri zuen uneoro; bigarrenak, ia ezertarako aukerarik uzten ez zuen atzealdeko koadroen defentsa irmoa. Markina-xemeindarrek nahiko erraz, 15 eta 9, patrikaratu ahal izan zuten lehen seta, baina bigarrenean gogotik sufritu behar izan zuten.
Izan ere, seta aurretik hasita ere, Euskal Selekziokoek egoerari buelta eman zioten, 6 eta 7 aurrea hartuz eta sokatira 7 eta 10era arte eroanez. Dena dela, partidua luze samar egin zitzaien Ortiz de Mendibil eta Goikoetxeari, eta azkenean Espainiak 15 eta 12koarekin poltsikoratu zuen seta, eta lortu Munduko Txapelketako urrezko domina.
Barandika eta Lekerika, nahieran.
Euskal Selekzioko gizonezko kideek, historian lehen aldiz, urrezko eta zilarrezko dominak poltsikoratu zituzten. Uruguain, Colonia de Sacramentoko Real de San Carlos pilotalekuan, Euskal Selekzioko kideek munduko pilotaririk onenen pare daudela frogatu dutela, onenak ez badira. Lehenengo domina, urre zaporezkoa, Xabier Barandika eta Unai Lekerika bikote gernika-lumotarraren eskutik iritsi zen atzo [urriak 20], gizonezkoen 54 metroko frontoiko zesta-punta finalean.

Argazkia: EEPF.
Barandika eta Lekerika aspaldiko lagunak dira: herrikideak, lehiakideak eta bikotekide legez sarri ibilitakoak. Finalean bertan ere, aspaldiko arerioak eduki zituzten aurrez aurre: Frantziarekin lehiatu zuten Johan eta Gorka Sorozabal anaia miarriztarrak. Lehen jokaldietatik, argi eta garbi geratu zen bikote euskaldunak bikain olioztaturiko makineria osatzen zuela. Barandikak, azken hitzorduetan frogatu duen heinean, aspaldiko sasoi fisiko onenean dagoela erakutsi zuen, eta maisuki biribildu zituen tantoak. Lekerikak, bere eskumakadak tarteko, berriro ere plazarartu zuen atzelaririk onenetako bati dagozkion segurtasuna, fidagarritasuna eta dominantzia. Lehen setaren markagailua kantxan bizitakoaren zenbakidun erradiografia baino ez zen izan: 15 eta 9koa, kolore orlegidunen alde.

Argazkia: EEPF.
Bigarrena hasi bezain pronto, Barandikak eta Lekerikak argi laga zuten lehenengoaren estrategia berbera jarraitu gura zutela, eta partidua dominatzen saiatu ziren, baita lortu ere: 6 eta 1 aurrea hartzera iritsi ziren. Dena dela, lapurtarrek egoera irauli zuten, eta, susperraldi bikaina erakutsita, bigrren setean 15 eta 11 nagusitu ziren. Hirugarren seta, berdinketa haustekoa, tentsioz beterikoa izan zen; presio egoera hartan, Euskal Selekzioko bikoteak urduritasuna eta unean uneko erabaki hartze aldea hobeto kudeatu zituen. Azkenean, 10 eta 4koarekin ezarri zuten Barandikak eta Lekerikak gogoangarria, azpimarratzekoa eta, batez ere, historikoa den mugarria. Finala jokatu ez arren, bai Eñaut Urreisti mutrikuarra, bai Ion Ibarluzea markina-xemeindarra garaipenaren parte izan dira, lehian aritu baitira biak ala biak.