Zortzi kategoria sarituko dituzte Leartibai Sarietan
Proiektuak aurkezteko azkenengo eguna urriaren 30a [barikua] izango da. Hala ere, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleen proiektua aurkezteko epea luzeagoa izango da: azaroak 6. Azaroaren 19an banatuko dituzte sariak.
Lea-Artibaiko ekintzaileei “errekonozimendua” ematea asmo, eta enpresa berrien sorrera helburu izanik, Leartibai Fundazioak Leartibai Sariak ekimenaren bosgarren aldia abiarazi du, Bizkaiko Foru Aldundia, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartea, ASETT eta Lea-Artibai eskualdeko hamabi udalen laguntzagaz.
Ekintzaileei aitortza egiteaz gain, ekintzailetzaren kultura hedatzea da fundazioaren beste helburuetako bat, eta horrekin batera, Lea-Artibain lanpostu berrien sorrera sustatzea. Horretarako, zortzi sari banatuko dituzte: Negozio ideia berritzaileari saria (1.500 euro eta garaikurra); ostalaritza, turismo edo zerbitzu enpresari saria (1.500 euro eta garaikurra); merkataritza establezimenduari saria (1.500 euro eta garaikurra); kooperatiba ereduari saria (1.500 euro eta garaikurra); emakume ekintzaileari saria (1.500 eta garaikurra); ekintzaile gazteek sortutako enpresari saria (bost sari, 1.500 euro eta garaikurra); Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleen negozio ideiari saria (lau sari, 500 euro eta garaikurra); eta ekonomia urdineko negozioari saria (1.500 euro eta garaikurra). Antolatzaileek azpimarratu dute, emakume ekintzailearen saria izango dela soilik gainontzeko sariekin bateragarria.
Bide horretatik, sari ekonomiko eta garaikurrez gain, Leartibai Fundazioko aholkularien laguntza edukiko dute irabazleek, negozio ideiaren garapenean eta azelerazioan laguntzeko. Horrez gain, Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen Enpresa Haztegiko espazioetan kokatzeko lehentasuna edukiko dute, eta Lea-Artibai Fundazioak kudeatzen dituen programa ezberdinetan parte hartzeko erraztasuna izango dute.
Herritarrek aukeratu. Azaroaren 2tik 13ra bitartean, lehiaketara aurkeztutako negozio ideia guztiak ikusgai jarriko dira Leartibai Fundazioaren Instagram kontuan, zazpigarren kategoriakoak izan ezik. Hala, bozka gehien jasotzen dituen negozioak bertoko produktuekin osatutako Hamen Bertokoa otzara bat jasoko du, eta bozkatzen duten erabiltzaileen artean beste otzara bat zozketatuko da.