Hamabi langileren kaleratzea eta negoziaziorako prestutasun falta salatu dute Yurrita e Hijos lantegiko langileek
Elkarretaratzea egin dute gaur [urriak 22] Yurrita e hijos enpresako langileek, hamabi langileren kaleratzea eta negoziazioen blokeoa salatzeko.
Mutrikuko Yurrita e Hijos enpresako langileak elkarretaratzea egin dute gaur [urriak 22] lantegiaren aurrean, hamabi langileren kaleratzea eta enpresa batzordearekin negoziatzeko prestutasun eza salatzeko. Hala, ELA sindikatutik kaleratzeak bertan behera uztea eta langileak berriz kontratatzea eskatu dute, zuzendaritzaren jarrera “autoritario eta opakoa” mahaigaineratu bitartean.
Kontserberen industrian lekua duen enpresa da Yurrita e Hijos, eta 120 langile inguru ditu beregain. Duela gutxi hamabi langile kaleratu ditu enpresako zuzendaritzak, eta honen aurrean, Enpresa Batzordeak -ELA Sindikatuko bederatzi ordezkariz osatutakoak- bere gaitzespenik irmoena adierazi du: “Enpresako zuzendaritzak egin berri duen kaleratze boladaren aurrean, hamabi langileren irteera kobratu da”. Hala, gizarte ordezkaritzatik enpresaren “gardentasun eza eta elkarrizketarako borondate falta” salatu dute: “Adostutako alternatibak bilatzetik edo langileen legezko ordezkariekin negoziatzera esertzetik urrun, zuzendaritzak jarrera autoritario eta opakoa inposatzearen alde egin du, enpreguaren etorkizuna aldebakarreko erabakien bidez kudeatuz eta plantilla etengabe berregituratzeko mehatxuak eginez”.
Gainera, sindikatuko ordezkariek azaldu dutenez, prestutasun faltaren adibide garbia izan da gaurko elkarretaratzean gertatutakoa; izan ere, enpresak ez die utzi langileen asanblada enpresako instalazioetan egiten, eta horregatik bide ertzera atera dira elkarretaratzea egitera: “Ez zaie komeni gertatutakoa sozializatzea. Gaur ere 30 minutu lehenago esan digute asanbladarik ezin genuela egin lantegiko instalazioen baitan”.
Egoera honen aurrean, bi eskakizun egin dituzte Enpresa Batzordeak eta langileek: “Alde batetik, kaleratzeak berehala etetea eskatzen dugu, eta, bestetik, negoziazio prozesu erreal, garden eta fede onekoa berehala irekitzea”. Izan ere, sindikatutik azaldu dutenez, mobilizatzea da enpresako zuzendaritzak utzi dien alternatiba bakarra: “Langileak ez gara geldirik egongo lanpostuen suntsipenaren aurrean, ezta elkarrizketa sozialari uko egiten dion kudeaketaren aurrean ere”.